Juan Luis Mugertzaren "Lunaren goiztiri" liburu berria aurkeztuko dute larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 7a, 20:36

Ataramiñe euskal errepresalitatu politikoen literatura koadernoetako liburu berria den Juan Luis Mugertza berangoztarraren “Lunaren goiztiri” idazlana aurkeztuko da larunbatean, uztailak 9, Zornotzan, Jose Mari Sagardui “Gatza” euskal preso politikoari egingo zaion omenaldi ekitaldien barruan. Izan ere, “Lunaren goiztiri” Jose Mari Sagardui presoaren inguruan idatzitako lana da, bere andreak eta alabak beste preso batzuen senitartekoekin autoz Jaen II espetxera egiten duten bidaia ardatz hartuta. Jose Mari Sagarduik bihar, uztailak 8, 25 urte egingo ditu espetxean, eta amnistiaren aldeko mugimenduaren omenaldia jasoko du larunbatean bere jaioterrian.

Hauxe duzue liburuaren hitzaurrean Ataramiñek egindako oharra:

Hau ez da ipuin bat

“Lunaren Goiztiri” ez da giltzapean edo sasian idatzitako lana. Gure planteamendua espetxe, sasi eta erbesteko literatura argitara ematea bada ere, bidea oraingoan alderantzizkoa izan da: herritik gartzelara doan bidetik etorri da gure eskuetara, zure eskuetara.

Juan Luis Mugertzak Jaen II espetxera egindako bidaiaren lekukotasuna utzi nahi izan digu, bizi izandakoa kontatu beharra ikusi zuelako, eta horrela argitaratu dugu, etorri den bezala, Gatzak espetxean 25 urte egitera doanean argitaratu ere.

Espetxeko literaturan fikzioa eta errealitatea nahasten dira normalean. Azken batean, literaturak errealitatea bideratzen du, bidea irudiz marraztu eta bertatik eramaten du irakurlea.

Kasu honetan pertsonaia guztien izenak benetakoak dira. Errealitatea fikzioaren gainean idatzi da, eta tragedia modura aurkez zitekeena ipuin harrigarri bilakatu da Goiztiri, Kontxa, Gatza eta gainerako euskal preso politikoen eta euren senitarteko eta lagunen bizipenetan.

Ataramiñen aldetik eskerrak eman nahi dizkiogu Juan Luis Mugertzari. Telefonoz deitu, hitzordua jarri eta lana ikusi orduko martxan jarri ginen, presoen senitarteko eta lagunen jardunaren erakusgarri hau Gatzaren omenaldira ekartzeko. Liburu txiki bat ibilbide handi batentzat.

Sarrik 20 urtez

Bestela, gaur Joseba Sarrionandiak espetxetik ihes egin zuela 20 urte bete direla, Josebak “Lagun presoak” idatzi zuen poemaren aipu bat ere ekarri nahi dugu gogora, Jose Mari Sagardui aipatzen duena:

“Itziar / Jon / Josemari / euskal preso guzien sakrifizioa
eta duintasuna ikusten da
kristal bakoitzaren bestaldean, aberriaren astuna paparrean
papagorriek bezala daramatelarik”

Liburuaren fitxa:

Liburuaren izena: Lunaren goiztiri
Egilea: Juan Luis Mugertza
Azalaren irudia: Joseba Arregi Erostarbe
Liburuaren neurriak: 15 x 10,5 cm
Orrialdeak: 88
Aurkibidea: Hau ez da ipuin bat – Ataramiñe
Errepideko haurrak – Amaia Sarrionandia
Jose Mari Sagardui “Gatza” – Josean Etxebarria
Mendiaren itzala – Jose Mari Sagardui Moja
Lunaren Goitiri – Juan Luis Mugertza Unanue

Jose Mari Sagardui Moja, “Gatza”, (1958-05-04)

Zornotzan atxilotu zuten 1980ko uztailaren 8an, eta harrez gero Espainiako espetxe ugari ezagutu ditu: Carabanchel, Soria, Puerto I, Herrera de la Mancha, Alcala Meco, Hospital Penitenciario Carabanchel, Herrera de la Mancha, Sevilla II, Mallorca, Sevilla I, Granada, Hospital Penitenciario Carabanchel, Sevilla II, Puerto II, Jaen II, Langraitz eta Jaen II.

Orain espetxe honetako isolamenduko moduluan dago. 25 urte hauetan egindako ibilbide luzean, Concha ezagutu eta ume bat eduki dute: Goiztiri, bizitzan aurrera egiteko beren adore eta ilusioaren erakusgarri argiena. Bestela ere, ihesaldi saiakera batean harrapaturik (Granada, 1993-03-06), espetxe zigorra luzatu zioten erredentzioak kenduz eta zigor gehiago erantziz.

Juan Luis Mugertza Unanue

Elgoibartarra jaiotzez; egun, Berangon bizi da. Euskal Filologian lizentziatua eta bigarren hezkuntzako irakaslea da. Hauxe duzue argitaratutako bere laugarren lana "Lehenengo aldiz"; "Aruma, urrezko oihanean", eta "Astoari konfiturak" liburuen ondoren. Lehenago euskara irakaslea izan zen eta Santurtziko AEKn aritu ostean, Bilbo Zaharra euskaltegian urte batzuk eman zituen. Txorizale amorratua izateaz gain, munduko bazterrak ezagutzea du gogoko ahal duen guztietan.



Oinatiarra, euskal preso politikoa. Gaur egun Jaen II espetxean dago, Jose Mari Sagarduirekin batera.

Amaia Sarrionandia

Zornotzarra, Etxerat elkartearen eledunetako bat izan da hainbat urtetan.

Josean Etxebarria

Zornotzarra, Gatzaren laguna eta burkidea, espetxean 20 urte baino gehiago egin duena. "Mendiaren itzala" Jose Mari Sagarduiren poema bat da, Joseba Arregi Erostarberen “Kartzelako leihotik” liburuan argitaratu zuen.

Liburua copyleft eran argitaratu da, ohar honekin:

©copyleft. Publikazio haucopylefterakoa da. Beraz, bere edukiak zabaldu, aipatu eta hitzez hitz kopiatu daitezke, osorik zein zatika, edozein medio erabiliz eta edozein helburu lortzeko, ohar hau mantentzen eta jatorria aipatzen den bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun