Ereaga hondartza eta Algorta arteko igogailuaren zerbitzuak doakoa behar du izan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 13a, 12:47

Doakotasuna aldarrikatuz, pasa den ekainaren 21ean Getxo Bizia herri plataformak igogailuaren erabilera araudiari alegazioak aurkeztu zizkion. Bestetik azpiegitura honen kokapen zehatzaren aurrean kritiko agertzen gara, Maria Kristina parkean duen eragin kaltegarriagatik. EAJ eta EAk onartutako proiektuak parke hau desitxuratu egiten du eta bertatik zegoen Abraren ikuspegi ederra kaltetu. Makineriarako irtenbide tekniko hoberik aurkitu ez izana aipatu eragina handitu egiten du. Lanen ondoren parkea txukuntzeko beharrak ere presaka eta ageriko hutsune eta akatsekin burutu dira.

Mendiari dagokionez azken uneko zuhaizka eta zuhaitz landaketak garai txarrean eta ondorengo zainketarik gabe burutu dira. Aparteko ahaleginik ez bada egiten, urteak beharko dira mendiak landaretza geruza egokia berreskuratu arte.

Hurrengoa duzue araudiari aurkeztutako alegazioen testua:

Ereaga hondartza eta Algorta arteko igogailuaren erabilera araudiari alegazioak

Bizkaiko Aldizkari Ofizialean maiatzaren 18an argitaratutako iragarkian aipatu araudiaren aurrean erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko 30 eguneko epea baliatuz, Getxo Bizia herri plataformak hurrengoak adierazi nahi ditu:

Igogailu honek Algortako hirigune eta Ereaga hondartzaren arteko oinezko komunikazioa hobetu eta erreztu egiten du eta orain arteko bideen osagarria da.

Bete behar dituen funtzio sozialak hurrengoak dira:

- Herritar orori Ereaga hondartza bera eta inguruan dauden berdegune, zelaiak eta ibiltokiak hurbildu.
- Hirigunetik aipatu aisialdi gunera joan etorria egiteko, adina edo beste edozein baldintza fisikorengatik, zailtasunak dituzten pertsonei bidea erreztu.
- Algorta eta Ereaga hondartzaren arteko bidea egiteko autoaren erabilpena murrizteko oinezko eta motorbako ibilgailuen aukera bultzatzea.

Esandakoa kontutan hartuta hurrengo alegazioak egiten ditugu:

1. Aipatutako funtzio sozialak murrizketarik gabe eta hobeto betetzeko igogailuaren zerbitzuak doakoa behar du izan, bide publikoen erabilera eta argiztapen publikoa doakoak diren bezalaxe.

Proposamen honen ondorioz erabilera araudian, garraio titulua, txartelak, saltokiak tarifak eta abarrekin zerikusia duten puntu guztiak kentzea eskatzen dugu, 3., 4., 5., 6., 7., 8., 15., 16. eta 18. artikuluak eta 9. artikuluaren 2. puntua alegia.

2. Bizikletak igogailura sartzen baimentzea eskatzen dugu, debekuen ataletik kenduz eta surf ohol, body board, triziklo eta bizikleta txikien kasuan bezala, igogailuan dagoen lekuak baimentzen badu pertsonei lehentasuna emanez.

3. Hamazazpigarren artikuluan idazkera sinpleago, objektiboago eta ulergarriagoa proposatzen dugu hurrengo zatia kenduz: (...), hitzez edo ekintzez, gainerakoen ohorea iraintzen duena, (...)

4. Doakotasuna eskatuz egiten dugun alegazioari buruz udalak erabaki finkorik hartu arte, igogailuaren erabilera ez kobratzea exijitzen dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun