Lapurretan aritu direlakoan bi gazte atxilotu ditu Algortan Getxoko Udaltzaingoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 13a, 20:01

Getxoko Udaltzaingoak 24 eta 18 urtetako bi gazte bilbotar atxilotu zituen atzo arratsaldeko lehenengo orduetan, Algortan geldituta zeuden zenbait autotan indarrez lapurtu zutelakoan. Atxiloketan amaitu zuen operatiboa herritar batek Getxoko Ertzaintzari Miramar kalean zegoen auto batean gizon bat lapurtzen ikusi zuela esateko deitu ondoren hasi zen, Getxoko Udalak prentsa oharren bidez jakinarazitakoaren arabera. Datu horien arabera, ustezko lapurrarekin beste pertsona bat zihoan ziklomotorrez. Era berean, udaltzainek Miramar kalearen ondoan dagoen Montaño kalean auto bat zabalik aurkitu zuten, barrukoa nahastuta zeukala.

Getxoko poliziek autoaren jabeari deitu egin zioten eta horrek dirua lapurtu ziotela esan zuen. Minutu batzuk geroago, Udaltzainak lapurrk bilatzen ari ziren bitartean, Azkorriko hondartzatik ere deitu zuten esateko lagun bat ziklomotor batean zebilela bueltaka ibilgailuen artean. Lehenengo lekukoak emandako deskripzioarekin bat zetorren bigarrenaren susmagarriarena.

Udaltzainak Azkorrira joan ziren eta lekukoek emandako deskripzioarekin bat zetozen susmagarriak aurkitu zituzten. Poliziak gelditu eta miatu ondoren, ustez lapurtutako gauzak zituztela egiaztatu zuen, hain zuzen ere 482 euro, txanpon gehiago, bihurkin handi bat eta sakeleko telefonorako zenbait aparailu.

Atxilotutakoak, Z. S. 24 urtekoa eta K. H. 18 urtekoa epailearen esku utzi dituzte dagoeneko. Batek indarrez egindako lapurreten aurrekari ugari ditu eta orain ikertzen ari dira duela gutxi gertatutako zenbait lapurretan ere ea parte hartu duen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun