Josu Amezaga zinegotzi berria aurkeztu du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 13a, 20:47

Orain arte Getxo Bizia herri plataformako zinegotzi izandako Pili Askorbebeitiak postua utzi du eta bere ordez Josu Amezaga hautes-zerrendako laugarren kide eta EHUko Leioako campuseko irakasleak hartu du bere gain ardura garrantzitsu bikoitza, herri ordezkaria izatea eta aldi berean apartheid politikoaren aurka borrokatzea. Bi urte igaro dira jada azken udal hauteskundeak izan zirenetik. Getxo Biziak 2.756 boto jaso zuen, Getxoko Udal Batzarrean zinegotzi bat izateko beste. Ilegalizazioaren ondorioz Pili Askorbebeitia zerrendaburuak ezin izan du Getxoko beste zinegotziek bezala bere lana normaltasunez burutu eta apartheid politikoa salatzea eta herriari dagokion ordezkaritza lortzen ahalegintzea izan da Getxo Biziaren eta bere hautetsiaren lan garrantzitsuenetako bat. Arrazoi pertsonalak direla eta utzi du postua Askorbebeitiak. (Argazkian, Amezaga gaurko agerraldian, Askorbebeitia eskuman duela).

Bitartean herrigintza eta udalgintza lanak egin ditugu: Udalaren kudeaketaren jarraipena udal batzarretara joanez, dokumentazio publikoa aztertuz eta baita ere aktiboki parte hartuz hitz egiten utzi egin zaigunean, proposamenak eta mozioak aurkeztuz, aurrekontuei, tasa igoera lotsagabeei edo lurralde antolaketa plangintzei alegazioak aurkeztuz. Herrigintza lana ere burutu egin da eta pertsona eta talde desberdinekin harremana mantentzeaz gain, hitzaldiak, mahaiinguruak eta hainbat kanpaina egin izan dira.

Azkoitian posible da, Getxon ere bai

Duela gutxi ikusi dugu posible dela Espainiako Epaitegi Konstituzionalak legez kanpo utzitako hautes-zerrendetako kide batek bere zinegotzi postua ofizialki eta legalki eskuratzea. LOREG legearen 182.2 artikuluak eskeintzen duen aukera legala Azkoitian gauzatu egin da eta Getxon ere hala izatea nahi dugu. Talde politiko guztien aldetik, baina bereziki Ezker Batuaren aldetik borondate politikoa baldin badago Getxon ez da apartheid politikorik egongo. Demokrazian sinesten duen edonorentzat ezinbesteko baldintza da herritar guztiak ordezkaritza foroetan ordezkatuta egotea.

Ordezkaritza demokratikoaren alde borrokatzeaz gain, Getxo Biziak herrigintza eta udalgintza lanekin jarraitu egingo du. 2.756 botoemaleen ordezkaritza lanak ere burutu egingo ditu bai Getxon, bai instituzio nazionala dugun Udalbiltzan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun