Uribe Kostako azpieuskalkia zainduko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 13a, 22:28

Getxoko Udalak eta Uribe Kostako Mankomunitateak eskualdeko hizkuntza ondarea jaso eta zabaltzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Egitasmoa bi administrazio horiek indarrean duten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusien (EBPN) barruan kokatzen da, Iñaki Zarraoa alkate getxoztarrak, joan den osteguneko sinatze ekitaldian azaldu zuenez “bi erakundeek amankomunean duten azpieuskalkia zaindu eta bultzatzeko indarrak batzea da helburuetako bat”. (Argazkian, Iñaki Zarraoa Getxoko alkatea –ezkerrean– eta Juan Olea Uribe Kostako Mankomunitateko lehendakari eta Urdulizko alkatea –eskuinean–, aipatu ekitaldian).

Hitzarmen honen xedea Uribe Kostako azpieuskalkia eta berak daukan aberastasun guztia jaso eta zabaltzeko ekimenak martxan ipintzea da, Zarraoaren hitzetan, “ondare hori galtzen utzi beharrean, berreskuratzeko lan egitea oso garrantzitsua baita, batez ere, belaunaldi berriek gaur egun gehien bat euskara batua erabiltzen dutelako”. Hitzarmenaren bigarren helburua euskaldun zaharren hizkuntza ondarea (lexikoa, fonetikoa...) eta ondare etnolinguistikoa (kantak, bertsoak, ipuinak...) zabaltzea izango da. Hauek Getxo eta Urduliz udalerrien artean bizi diren 95 laguni egingo dizkieten elkarrizketen bitartez batuko dituzte.

Eskola materiala

Horrekin guztiaren eskola materiala egin nahi da, ondoren, Haur eta Lehen Hezkuntzetako ikastetxeetan, gurasoen elkarteetan, euskaltegietan edo bestelako erakundeetan erabili ahal izateko. Hitzarmenaren sinatzaileen asmoa Lehen Hezkuntzarako DVD eta gida bat ateratzea da eta Haur Hezkuntzarako CD bat zenbait abestirekin.

Hitzarmen honen iraupena hiru urtekoa izango da eta bere zenbatekoa 85.000 eurokoa izango da. Horietatik, eta herritarren kopurua kontutan hartuta, Getxoko Udalak %51,51a ipiniko du eta Uribe Kostako Mankomunitateak %48,49a.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun