Gaur edo bihar egongo da kalean Aimar Hidalgo

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 19a, 11:45

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez jakinarazi duenez, Aimar Hidalgo algortarra gaur edo bihar aterako da Aranjuezeko espetxetik, 6.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. Gazteak berak deitu zuen atzo etxera, fidantzapeko askatasuna jakinaraztera, agente judizial bat joan zitzaiola esateko. Familiarrek gaur goizean sartuko dute dirutza hori banketxean, errepresioaren aurkako kolektiboaren arabera. "Gero ingresoaren ziurtagiriarekin Getxoko epaitegira joan eta bertatik fax bidez Espainiako Auzitegi Nazionalari jakinarazi beharko diote ingresoa egina dagoela. Hori egin ondoren, Auzitegi Nazionalaren esku gelditzen da askatzeko agindua ematea", azaldu dutenez. Izapide horiek arintzeko Hidalgoren abokatua auzitegian bertan izango da gaur goizean.

Horiek kontutan hartuta, oraingoz esaterik ez dago noiz kaleratuko duten Hidalgo, baina gaur ez bada ia ziur bihar izango dela, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Antzeko kasuetan 19:00ak inguru kaleratu izan dira goizean fidantza ordaindu duten presoak. "Oraindik ez dakigu baldintzapeko askatasuna erabakitzeko epaileak zer esan duen eta bestelako zein baldintzak ere izango dituen behin kaleratu ondoren", gaineratu dute errepresioaren aurkako kolektiboko kideek.

Ustezko frogak

Aimar Hidalgo 2004ko urriaren 20an atxilotu zuten kalez jantzitako ertzainek, etxetik irten zenean, 11:00ak inguruan. 2000 urteko kale borroka erasoa leporatzen diote ustezko ADN frogak dituztela esanez. "Gogoratu behar dugu, Auzitegi Gorenak ebazpen bat baino gehiago eman ditu Ertzaintzak inolako berme judizialik gabe aurkeztu izan dituen ADN ustezko 'froga' horiek baliogabetzeko", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez. Urriaren 21ean Soto del Realen espetxeratu zuten Hidalgo, eta 25ean Aranjuezera eraman zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun