Bost euskaltzaleren atxilotze aginduaren aurrean, elkarretaratzea izango da gaur arratsaldean Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 19a, 12:43

Gernikako Epaitegiko 1. Instrukzioko epaileak bost euskaltzaleren aurkako atxilotze agindua eman du "ordena publikoaren nahasmendua" delitupean. Aurretik zitazioa bidali zien epaileak, baina, gazteleraz zegoenez, ez ziren bertaratu. Bost lagun horiek, beste hamar euskaltzelerekin batera, hizkuntza eskubideen aldeko ekintza egin zuten Gernikako Epaitegian otsailaren 2an, “Euskal Herrian Euskaraz” kantua abestuta. Gainontzeko 10 lagunak Gernikako Epaitegi eremuan ez daudenez, ez dute atxilotze agindurik jaso, deituta egon arren. Honen haritik, herritar guztiak deitu nahi ditu hizkuntza eskubideen urraketak ez onartzera eta hauek salatzera Euskal Herrian Euskarazek. Ildo honetan, gaur 19:30ean, elkarretaratzea egingo dugu Bilboko Buenos Aires kalean dagoen Bizkaiko Auzitegiaren aurrean. Bertan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu. (Argazkian, EHEk Gernikako Epaitegiaren aurrean burututako ekintza).

Otsailaren 2an, hiru lagun epaitu zituzten Gernikako epaitegian. Jakinarazpenak... bidaltzerakoan hizkuntza eskubideak urratu egin zitzaizkien eta epaitegiko egoera aurretik ezagututa, hiru lagunen eskubideen bermerik egongo ez zela aurre ikusita eta beraiek epaiketa euskaraz egitearen aldeko hautua egiten zutela jakinda, Euskal Herrian Euskarazek epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuen. Epaiketa gelan, aurre ikusi bezala, ez zen epaiketa euskaraz egiteko baldintzarik egon. Hau honela, hiru lagunek eta abokatuak gela utzi eta barruan zegoen jendea hizkuntza eskubideen urraketa salatu asmoz Euskal Herrian Euskaraz kantua abesten hasi zen (15 bat lagun). Ekintza horretan parte hartzeagatik zigortu nahi dituzte aipatu bost lagunak.

Hamabost euskaltzaleei bidali zaie zitazioa, bakoitza bere eskualdeko epaitegian agertzeko. Guztietan, jakinarazpenak erdaraz bidali dira; ondorioz, ez dituzte onartu.

Zitazioak erdaraz

Gernikako epaitegiaren eremuan dauden lagunen kasuak beste urrats batzuk eman ditu. Maiatza hasieran bidali zizkieten epaitegira agertzeko aginduak. Jakinarazpena erdaraz bidali zitzaienez, ondorioz, ez ziren bertaratu. Ondoren, ekainaren 29an beste jakinarazpen bat bidali zieten bost lagun hauei epaitegian agertzeko eta hau egin zenean atxilotuak izateko arriskuan zeudela jakinaraziz. Uztailaren 12ko data duen jakinarazpena bidali die epaileak ertzainei Lea- Artibai eta Busturialdeko bost euskaltzaleak atxilotzeko agindua. Atxiloketak noiz eta nola egin behar dituzten ere argi azaltzen du. Ertzaintzaren zerbitzu zentraletan eta bulego orduetan. Argi dago epaileak ez duela bestelako zurrunbilorik sortzea nahi. EHEk, bere aldetik ez du utziko atxiloketak ezer esan gabe eman daitezen, ez dago-eta gure aldetik ezer ezkutatzeko. Bost lagun hauek oinarrizko eskubideak aldarrikatzeagatik zigortu nahi ditu justizia administrazioak.

Ez da lehen aldia gisa honetako gertakariak ezagutzen ditugula eta jendea zigortu, atxilotu... egiten dena hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik. Euskaldunok, ezin ditugu onartu administrazioen aldetik horrelako gehiegikeriak. Gure herrian gure hizkuntzan bizi nahi dugu, gure eskubidea delako. Hori horrela izan arte, arlo guztietan hizkuntza eskubideak bermatuak izan arte eta euskararen normalizazio osoa lortu bitartean, lan horretan jarraitu behar dugu, jarraituko dugu. Euskal Herrian ezarrita dauden justizia administrazioei euskaldunon hizkuntza eskubideak berma ditzatela exigitzen diegu eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartu eta bitartekoak jartzea. Izan ere, gaur egun, ezinezkoa da administrazio hauekin harremanak euskaraz egitea.

Uribe Kostako EHE
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun