Moral publikoa eta Konfuzioren ikasgaia - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 19a, 13:40

Hego Euskal Herrian entzute eskasa izan zuen arren, albisteak estatu frantsesean hautsak nahiko harrotu zituen pasa den martxoan. Dena dela, gaiak gaur egungo politikaz eta moral politikoaz hainbat burutazio egiteko aukera ematen du.

Kontua da Alain Juppé, Frantzian lehen ministroa eta kanpo arazoetarako arduraduna izandakoak, bere azken agintaldia amaitzerakoan, beste agintari batzuk bezalaxe, Atlantikoaren bestaldeko unibertsitate batera joan zela ikastaro bat ematera. Quebec-eko École nationale d’administration publique (ENAP) delakora, hain zuzen ere.

Baina, Juppé jaunari “ahaztu” egin ei zitzaion Versailleseko epaitegi batek, goi karguan zegoela balizko lanpostuez baliatuta eginiko iruzurragatik hamalau hilabeteko kartzela eta urte betez aukeratua izateko ezintasun zigor irmoak ezarri zizkiola. Egoera ordea, Quebec-eko unibertsitateko irakasle batek salatu zuen bertako Le Devoir egunkarian idatzitako artikuluan. Eta haren ondotik irakasleen eta ikasleen klaustroek gauza berari ekin zioten, hots, salatzeari: Quebec-eko unibertsitatearentzat lotsagarria eta iraingarria zela, irakasleak gonbidatzeko ebaluazio batzordeak huts penagarria egin zuela, eta abar, eta abar.

Gauzak badu bere logika, ezen ENAP delakoa bertan ikasten dutenei gauza publikoan (res publican) aritzeko prestatzen ari direnei alor horretan zein balore eta etikaren jabe izan behar duten transmititzen dien instituzioa baita. Baina Frantzian ez dute horrela ulertu. Aitzinako koloniari ez zaio barkatu metropoliko pertsonaia horrela tratatzea. “Quebeceko biztanleak koadrodun alkondara daramaten frantsesak direla uste zutenak oker daude, Iparamerikar petoak dira”.

Baina, duda izpi barik, frantsesen erreakzioak ertz ikusgarrira eraman zituena Jacques- Alain Miller izan zen, Jacques Lacan ospetsuaren suhia, alegia. De la droiture selon Confucius izeneko artikulua, Konfuzioren liburu batean agertzen den pasadizo argigarri batekin amaitu zuen: “Xe probintziako gobernaria Konfuzioren aurrean ahots gora hausnarketa egiten ari zen, hauxe esanez: Gure artean bada gizon bat beti zuzen jokatzen duena: bere aitak aharia lapurtu, eta berak salatu egin du.” Konfuziok horrela erantzun zion: “Gurean zuzen jokatzea beste era batera ulertzen dugu: aitak semea babesten du, eta semeak, aita. Horra hor zuzen jokatzeko dugun modua”.

Ez dakit Miller jaunaren aitaginarrebak jokabide hori psikoanalisiaren etikarekin bateragarri ikusiko zuen, baina nire ustez Konfuzioren ikasgai horrek estatu guztietan hain oparoak diren ustelkeria guztiei atea pare-parean zabaltzen die. Gainera, gauzak gehiago larritzeko, moral politikoa espazio publiko eta gardenetik familiaren barruko alorrera bideratzen du, familia artekoen eremu pribatu eta ezkutura; don Vito Corleone ospetsuaren eredu beldurgarrira, alegia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun