Denbora aurrera joan da, eta XXI. Mendeak hasieran soldaduzkaren desagerpena ekarri zuen, gizarteko hainbat talderen eta pertsonen borrokari esker. Hala ere, inondik inora ere ezin liteke pentsa dena lortuta dagoenik: Ejerzitoek oraindik hor diraute, eta urtetik urtera gero eta odoltsuagok diren gudak ikusi ahal ditugu, Irakekoa kasu. Esan gabe doa guda horiek egin ahal izateko estatuek erabiltzen duten diru kopurua, lur planetan gosez hiltzen diren hainbaten miseria konpontzeko balioko lukeena.
Gure eremura etorriz, ezaguna da euskaldunok ejerzitoak eta jerarkia militarrak ez ditugula larregi maite, batez ere 40 urtetako diktadura fazista jasan eta gero. Horren fama behintzat badaramagu, baina gauza bat da zein fama daramagun eta bestea errealitatean egiten eta pentsatzen duguna.
Ekainean komunikabideak adituz gero, konturatzen gara informazioaren zati handi bat Irungo alardeak bete izan zuela. Azken urteotan herri horretan talde bi sortu ei dira: Bata aurrerakoia (emakumea parte hartzearen aldekoa), eta bestea atzerakoia (betiko moduan egitearen aldekoa, hau da, emakumeari kantineraren paperean bazterturik utziz). Zer esanik ez Hondarribian gauza bera gertatzen dela, eta urtero legez irailean tirabira horiek ikusteko aukera izango dugu.
Herri bakoitzak bere ohiturak dauzka, eta bakoitzak ospakizunak bere erara egiten ditu. Baina hara zelako paradoja: Euskal Herriak, Europan intsumitu gehien izandako herria izanik, bere herrietan jaiak ospatzeko jerarkia militardun ejerzitoak antolatzen ditu (jenerala, kapitaina eta guzti), ejerzitoetan legez goikoek behekoei aginduak ematen dizkietela. Eta bitartean egunkarietan, irratietan, telebistetan...... emakumearen parte hartzeaz arduraturik, erabat anakronikoa eta balore zaharkituak eta negatiboak dituzten ospakizunak babesten dituztela.
Ez dugu zalantzatan jarri behar, gizarteko beste esparruetan bezala, ospakizunetan ere emakumeak gizonarekin berdintasunean parte hartu beharko lukeela. Hala ere, halako ospakizunak goraipatzea merezi ote du?. Ez al litzateke zuzenago berdintasuneko parte hartze hori beste ekitaldi batzuetara bideratzea, erabat autoritarioak, matxistak, oldarkorrak, karratuak..... diren ospakizun militarretara baino?. Euskal Herrian intsumisioaren aukera egin genuenok harro egon behar ote dugu Irunen eta Hondarribian jendea jeneral baten aginduetara formazioan ikusteaz, emakumeak egon ala ez egon?. Ejerzitoaren baliorik eza, alferrikako arma erabilpena eta hilketak arbuiatzen ditugunok, gure herrietan gizon eta emakumeez osatutako ejerzitoak antolatu behar ote ditugu jaiak ospatzeko?.
Nire ustez,jaun-andreok, kontua ez da emakumea alardean bai ala ez, alardeak bai ala ez baino. Eta aurrerapenaren eta gizalegearen izenean, Euskal Herriak izan dezakeen berririk pozgarriena alarderik eza izan liteke. Hurrengo pausua ejerzito guztien desagerpena delarik, zelan desagerraraziko ote ditugu gure herrietan garaipen militarren inguruko ospakizunak egiten baditugu?. Beraz galdera hauxe da: Zein da alarderik onena?. Erantzun asko egon liteke, baina hona hemen neure erantzuna: Alarderik eza. Horra hor ejerzitoen desagerpenerako beste harri bat, txikia baina garrantzitsua.