Disziplinazko espedientea ezarriko diete Getxoko 63 udaltzaini

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 19a, 14:35

ELA, CSI-CSIF, UGT, CCOO eta SVP sindikatuek salatu dutenez, Getxoko 63 udaltzaini disziplinazko espedientea ezartzea agindu du Iñaki Zarraoa alkateak, gaur hiru hilabete baino gehiago bizi duten lan gatazkaren gaineko pegatinak jartzeagatik. "Dagoeneko larria den langileen egoera okerragotu eta enkistatu baino ez du egiten erabaki horrek", sindikatu horietako ordezkariek prentsa ohar baten bidez adierazitakoaren arabera. Udaltzainengan ez ezik, herritarrengan eta trafiko, obra eta ordenantzen arau-hausketen diru bilketan ere eragina izaten ari da gatazka, euren hitzetan, protestan hasi zirenetik "isun bakar bat ere ez" dutelako jarri polizia agenteek.

Espedienteen bidez udaltzainak "hertsatu, bereizi eta manipulatu" nahi izatea egotzi diote Zarraoari sindikatuek. "Autoetan zein jantzietan, ia langile guztiek pegatinak jarri dituztela jakinda, apetatu zaizkion denbora epeak kontutan hartu ditu espedientean ezartzeko; udaltzainak zatitzeko asmoz. Horietako batzuk baino ez ditu zigortu, protestak gehiengo batek babesten dituela jakin badakienean", langileen ordezkariek azaldu dutenez. Azkenik, udal agintariak "negoziatzeko inolako asmorik ez" izatea kritikatu dute ELA, CSI-CSIF, UGT, CCOO eta SVPk. "Arazoaren larritasuna zein neurritakoa den ikusten ez dio uzten harrokeriak. Behingoz, mahai baten inguruan eseri eta arazoari amaiera eman beharrean, horrelako metodoak erabiltzen ditu", azaldu dute.

Gaiaren inguruko berriak:

Getxoko udaltzainen aferan, "larderiaz" eta "amorerik eman nahi izan gabe" jokatzea egotzi dio Zarraoari ELAk (2005 Uzt 01)

Udaltzaingoaren gatazka dela eta eztabaidan sartu dira Izaronews eta Getxoko alkatea (2005 Eka 17)

Espediente informatiboa ezarriko diete Getxoko hainbat udaltzainei (2005 Eka 08)

Asteazken honetan ekingo diete berriro protestaldiei Getxoko udaltzainek (2005 Eka 07)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun