Getxoko udal tasen gehiegizko igoeraren aurkako sinadura bilketa abian da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 19a, 15:29

Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok uda honen hasieran sortu den herritar taldeak sinadura bilketa abian jarri du. Hurrengo lerroak izenburutzat sinadurak biltzen hasi gara udalerriko komertzioetan: zarama tasari ezarri zaion %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko ezarri den euro bateko tasa berria bertan behera utzi daitezela exijitu egiten dugu. Aldi berean udal tasen jeitsieraren alde egiten dugu. Horiek bertan behera uzteko, zein bidezkoa eta solidarioa den politika fiskaleko etapa berria hasteko, aukera bikaina izango du udal gobernuak irailean. Herritarrek eskatzen dutenaz ez badira oraindik ohartu, sinaduraz sinadura milaka getxoztarrok gogoraraziko diegu.

Zarama tasaren %86ko igoeren aurka ehundaka herritarrek aurkeztutako alegazioak Getxoko Udalak ezelako azalpenik gabe atzera bota ondoren, Getxo Bizia herri plataformak asanblada irekiak deitu zituen eta bertaratutakoen artean herritar talde anitza sortu da.

Zergatik sinadura bilketa?

Gutako askok 2003an eta 2004an tasa igoeren aurka eta bereziki zarama tasaren azken igoeraren aurka alegazioak aurkeztu ditugu. Udalak alegazio guztiak atzera bota ditu eta herritarron iritzia aintzat hartu gabe igoera hauek ezarri ditu.

Sinadura orrian zarama tasaren %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko euro bateko tasa berria aipatzen ditugu eta oro har udalaren dirubilketa politika ere kritikatzen dugu.

Jadanik onartutako igoera guztiak pairatzen hasi arte, edo aurreko urtetan bezala irailean udalak beste igoera neurrigabe batzuk mahaigaineratu arte itxaron ordez, kritika eta aldarrikapenerako unea iritsi dela uste dugu. Zarama tasaren %86ko igoera eta igerilekuetara sartzeko euro bateko tasa berria bertan behera gera daitezela exijitzen dugu. Aldi berean zerbitzu publikoak guzti guztiontzat izan behar direla eta hauek disfrutatzeko ahalmen ekonomikoa ez dela oztopoa izan behar serioski aldarrikatu nahi dugu.

Zarama bilketagatiko tasa

Zarama bilketagatik kobratzen den tasari buruz bi kontu nabarmendu nahi dugu:

- Lehenengoa da jende guzti guztiak ordaindu behar duen tasa dela. Getxon erroldatuta dagoen pertsona orok du tasa hau ordaintzeko betebeharra eta gauza bera gertatzen da lokal komertzialekin: Denda, taberna eta abar guztiek ordaindu behar dute dagokien zarama tasa. Jadanik onartua dagoen igoera moduko batek familia askoren ekonomiak kinka larrian jar ditzake, eta eragin handia du udalerriko denda eta hostalariengan.

- Bigarrenez hiri hondakin solidoen afera aztertu nahi dugu. Udal Batzarrean Ezker Batuak, Eusko Alkartasunak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak jadanik onartu duten %86ko igoera ez da oraindik aplikatzen, udal batzarrak berak edukiontzi urdinetan lagatzen diren sastarrak, ez Bilboko Zabalgarbi erraustegira, ez gure udalerritik kanpora nonora eramatea, ez duelako oraindik ontzat eman.

Igoera justifikatu nahian, hondakinak bertokoak ez diren instalazioetan lagatzeak, garraioak eta, jadanik egungo zabortegiaren inguruan egin den transferentzia planta eraikitzeak balioko dutenak aipatzen ditu.

Azalpen orrian adierazten dugun bezala, hiri hondakin solidoak tratatzeko udalak ez du berezko alternatiba bat garatu azken hamarkadan zehar, eta Diputazioak behartu duen aukera garestien eta kutsakorrenaren alde, errausketaren alde egin du itsu itsu. Udalerrian bertan ekonomia eta ingurugiro aldetik bideragarriak diren irtenbideak bilatu ordez, urtetan zehar udalak hiri hondakinak kudeatzeko berezko eskumena alde batera utzi du, eta Diputazioak eskeini duen irtenbide miragarriaren atzetik joan da.

Ingurugiro, osasuna eta ekonomia arrazoiengatik zarama erraustearen aurkakoak gara, eta hondakinak trinkotuz alde organikoa konpostatzea bideraezina egiten duen transferentzia planta baten aurkakoak ere bagara. Egina dagoen transferentzia planta, Getxok hiri hondakin solidoekin une honetan dituen arazoetako bat da.

Zerbitzu publikoak eta politika fiskala

Udal zerbitzuak hauek sortzen dituzten gastuak estaltzeraino kobratu nahia eta irizpide hau zerbitzu guztietan ezartzeko joera, politika neoliberala da eta herritarren arteko desberdintasunak areagotzen ditu. Gure iritziz zerbitzu publikoak zeharo eskuragarriak izan behar dira herritarrarentzat. Zerbitzu publikoak zenbat eta garestiago izan, orduan eta bazterketa maila handiagoa emango da, herritar gehiago izango dira zerbitzu horretaz ezin izango dutenak baliatu, edo zailtasun ekonomikoak medio erabiliko ez dutenak.

Honetarako adibidea udal kiroldegiak ditugu. Getxo Kirolak orain deitzen denaren 2005erako tasa igoerak %10ekoak izan dira eta gainera igerilekuetara sartzen den bakoitzean beste euro bat ordaintzeko tasa onartuta dago. Gure iritziz, kirola egitearren, osasuna dela medio edo besterik gabe aisialdia disfrutatzeko kirol instalazio publikoak erabili nahi dituzten herritarrek erreztasun guztiak behar dituzte.


Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok
e-posta: %86?@euskalerria.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun