Marokok Saharan erabiltzen duen errepresioa salatu du Sopelak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 20a, 21:46

Sopelako Udalak Saharako herriarekiko elkartasun mozioa onartu zuen atzo, asteartea, gai hori dela eta propio egindako Udalbatza berezian. Proposamena EAJ, Sopela Aurrera eta Ezker Batua-Berdeak udal taldeek batera aurkeztu zuten, eta testuan Marokoko Gobernuak Saharako herriaren kontra erabiltzen duen bortxakeria eta giza eskubideen kontrako jarrera salatzen dute: "Marokoko Gobernuak Saharako herria demokraziarantz aurrera egitea oztopatzen du; horraino heltzen saiatzen diren nazioarteko ordezkaritzei sarbidea ukatzen die; saharar herria sitematikoki erreprimitzen du eta biztanleak torturatzen ditu". Proposamena EAJ, SA eta EB-B taldeen botuekin onartu zen. Aldiz, PSE-EE eta PP ez zuten bozkatu. (Jabi Zabalaren argazkian, Saharan egindako protesta ekintza bat).

Erabakitako testuaren bidez, Sopelako Udalak bere elkartasuna adierazten die saharar guztiei eta Marokoko Gobernuak sahararren kontra erabiltzen duen bortxakeriari ez ikusiarena egiten duten nazioarteko gobernuen geldotasuna gaitzesten du. Era berean, Sopelako Udal Gobernuak Saharara joandako euskal ordezkaritza eta, bereziki, Sopela bazkidea den Euskal Fondoa babesten ditu, prentsa ohar baten bidez adierazi duenez.

Bestalde, Udal Gobernuak udako oporrak igarotzeko Euskal Herrira hurbildu diren ume sahararrei ongi etorria eman die. Ildo berean, umeak hartu dituzten familiei esker ona eta babesa erakutsi die Udal Gobernuak eta berriki sortu den Nuyum elkartearen bidez kontaktua mantenduko duela agindu du. Azkenik, bidegabeko egoeran bizi den Saharako herria laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Sopelako Udal Gobernuak eta, bereziki, Nuyumen laguntzaz Dora herriaren osasungintza bultzatzeko akordioak urtea bukatu baino lehen beteko dituela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun