Aurten uztailaren 24an izango da Paella Eguna eta, 50. urteurrena ospatzeko egitarau zabala antolatu dute egun osorako Itxas Argiakoek:
10:30 - 10:50 Izen ematea.
10:30 Euskal Herriko lur gaineko Soka-tira finala (640 kilo)
12:00 Dantza erakustaldia Itxas Argiaren eskutik.
13:00 Bertso saioa: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus eta Xabi Paia.
14:30 Paella erraldoiaren dastaketa.
17:30 Sari banaketa.
19:00 Erromeria Dantza Piko taldearekin.
Urtean zehar ere hainbat izan dira burututako ekintzak: Loiuko Lañomendi tontorrean postontzi berezia jartzea, lehiaketaren historiari buruzko argazki erakusketa (igandean bertan ikusgai egongo dela), Getxoko Filatelia elkarteak oparitutako zigilua...
1968tik Aixerrotan
Ohitura hau 1956ko uztailaren 25ean hasi zen, hiru lagunen eskutik: Damián Ayo, Antonio Bilbao eta Felix Yurrebaso, Irurena elkarteko kideak. Jaia Getxoko trenbidearen ondoan hasi zen, txistulari kalejira batekin. Kalejirako partaideak baserrietan gelditzen ziren, eta baserritarrek gailetak eta ardo gozoa ematen zizkieten, hamaiketako gisa. Lehendabiziko paella lehiaketa hori Rivaseko markesaren alargunaren pinudia inguratzen zuten hormetan egin zen. Hogei parte hartzaile baino gutxiago izan ziren, baina arrakastaren arrakastaz, eguna bukatu baino lehen hurrengo urtekoa antolatzen hasi ziren.
1958an Itxas Argia elkarteak hartu zuen ardura, eta jaia Azkorri hondartzara doan bideko alboko landetan egin zen, parte hartzaile gero eta gehiago zegoelako urterik urte. Landa horietan egin zen jaia beste hamar urtez (1958-1967).
Baina landetan aparkaleku bat eraiki zuten, eta Azkorri hondartzako sarbideak berriro egin eta egokitu zituzten; horregatik antolatzaileek beste toki bat aurkitu behar izan zuten. Jabetza pribatuko Aixerrotako lursail batzuk ematea izan zen irtenbidea. Eta harrez gero han egin izan da lehiaketa.