Adingabeko lau neska atxilotu dituzte etxebizitzetan lapurtzeagaitik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 21a, 22:49

Getxoko udaltzainek adingabeko lau neska atxilotu dituzte, 15 eta 16 urte artekoak, azken bi asteotan udalerriko hainbat etxebizitzatan lapurtzea egotzita. Eginiko ikerketen arabera, neska horiek Bizkaian aritzen den ondo antolatutako talde bateko kideak lirateke. Taldeak adin txikiko jendea erabiltzen du lapurretak egiteko, eta aritzeko modua oso antzekoa izaten omen da kasu guztietan, polizi iturrien arabera.

Udaltzaingoaren ekintza nagusia joan den uztailaren 8an izan zen, poliziek Algortako Basagoiti etorbideko pisu batean lapurtzen saiatzen ari ziren adin gabeko neska bi atxilotu zituzten. Etxebizitzan bizi diren pertsonak pisura heldu ziren, eta barruan bi neska harrapatu zituzten. Ihes egiten saiatu ziren arren, inguruetan atxilotu zituzten. Atxiloketa horri esker, ekainean eta uztailan beste etxebizitza batzuetan izandako lapurretak argitu ahal izan ziren. Horrez gain, Leioako pisu batean izandako lapurreta batean ere parte hartu zutela baiztatu ahal izan zen.

Atzo, Aingeruaren Etorbidean lapurtzen saiatu ziren adin gabeko beste bi neska atxilotu zituzten. Horren ostean eginiko ikerketari esker, atzo arratsaldean Mirua kaleko etxebizitza batean izandako lapurretan ere harremana zutela baieztatu zen, beti ere polizia iturrien arabera.

Jarduteko modua

Hasteko, gaztetxoek etxebizitzaren txirrina jotzen dute, barruan jendea dagoen ikusteko. Horrela izanez gero, garrantzirik gabeko galderak egiten dituzte, susmorik ez sortzeko, eta berehala joaten dira. Etxebizitzetan inor ez badago, berriz, barrura sartzen dira, batez ere beheko solairuetara, eta leihoen bidez. Barruan daudenean, dirua eta bitxiak hartzen dituzte bakarrik, eta berehala alde egiten dute. Etxeetan aztarnak ez uzteko, gainera, eskularruak erabiltzen dituzte.

Aholkuak

Getxoko Udaltzaingoak hainbat gomendio luzatu die herritarrei, lapurketa horiek ekiditeko. Etxeko atea beti giltzarekin ixtea, kanpoan denbora gutxi egon arren. Horrez gain, beheko solairuetako leihoak ondo itxi behar dira beti, kisketeekin ahal bada. Amaitzeko, susmo txikiena izanda ere, esaterako inguruetatik jende susmagarria ikusiz gero edo etxeko automatikoan zentzurik gabeko galderak egiten duen jendea agertuz gero, ahalik eta arinen horren berri Udaltzaingoari eman behar da, ondorengo telefono zenbakira deituta: 94 466 02 02.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun