Jaiak hobetzeko proposamenak egin dizkiote Getxoko Udalari 25 elkartek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 21a, 22:37

Getxo udalerrian egiten diren hiru jai handien zirkuitoari hasiera ematen dioten ospakizunak, hau da, Algortako San Inazioak hasteko aste betera gaudela, Getxoko Udalak hiru jai horiekin loturiko txosnetarako arautegiak kaleratu ditu orain dela gutxi, eta gauza bera egingo du laster jaien arautegiekin. Algortako Iñaki Deunaren, Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako eta Portu Zaharreko jaietan, udalerriko besteetan bezalaxe, lan handia egiten da jaiak ahalik eta hoberen prestatzeko eta emaitza adin guztientzako auzokideentzat gozagarria izan dadin. Horretarako, gainera, ahalegin bereziak egiten ari dira jaiak herrikoiak, parte-hartzaileak, euskaldunak eta parekideak izan daitezen.

Jaia biziduna da eta pertsonak bezalaxe, urteen poderioz eta lan egokiaren ondorioz, handitu eta gorpuztu egiten da. Adibiderik onenak Bilboko Aste Nagusian, Iruñeako San Ferminetan edota aurten 50 urte betetzen dituen Aixerrotako Paella Egunean ikus ditzakegu. Gutxika-gutxika ere Algortako Iñaki Deunaren, Itzubaltzeta / Erromo eta Pinuetako eta Portu Zaharreko jaietan beharrizanak ugaldu egin dira.

Gauzak horrela, jai batzordeetan auzokide guztiek badauzkate ateak irekita, baina bertoko kuadrila, konpartsa, kolektibo eta elkarteen ekarpenik gabe ezin izango lukete egin gaur egun aurrera eramaten dituzten lan guztiak. Era berean, Algortako Jai Batzordean, Portu Zaharreko Jai Batzordean, Erromo eta Pinuetako Jai Batzordean edo Itzubaltzetako Txosna Batzordean festak prestatzen diharduten kolektibo askok ere urtean zehar beren egitarauak burutzeko aukera daukate diru iturri garrantzitsu bat izateko, txosnen bitartez. Izan ere, talde horien ekarpenik gabe posible izango litzateke agian jaiak antolatzea, baina askoz zailagoa litzateke eta horiek gaur egun daukaten izaera herrikoiaren kaltean suertatuko litzateke zalantzarik gabe.

Proposamenak

Zoritxarrez, hainbatetan jai edo txosna batzordeetan urte osoan zehar egindako lanak ez dauka saririk, Getxoko Udalak hartutako erabakiak tartean. 2005ean bost dira txosna barik gelditu diren taldeak. Era berean, aurten dekretuei buruzko komunikazio arazoak direla zein aurretik aipatutakoak ere konpontzeko asmoz, hiru jai horietako jai batzordeek eta txosna eskatu duten beste 22 elkartek (26tik) honako eskariak aurkeztu zizkioten Guzman Aranaga Getxoko kultur zinegotziari iragan den uztailaren 14an egindako batzarrean:

- Elkarteen leku aldatzerik ez egotea txosnak banatzerako unean.
- Txosnak banatzean jaien prestakuntzan jardutearena premiazko irizpidea izatea.
- Datorren urtean hasita, hiru jai handienei buruzko dekretuak ekaina baino lehen kaleratzea, jai batzordeei zein aurreko hiru urtetan txosna eskatu duten taldeei helaraztea, eta, gutxienez, udal webgunean eta “Getxoberri”n horiei buruz informatzea, jai batzordeen eta txosna batzordeen lana errazteko.
- Algortako San Inazioetan parkingean elkarteen laugarren txosna bat jartzen uztea, bertako talde guztiak lekua izateko eta kontuan hartuta bere garaian bost txosna egon zirela bertan.
- Portu Zaharrean elkarteen laugarren txosna bat kokatzen ahalbidetzea, bertako elkarteek aspaldi aldarrikatu bezala, kontuan hartuta dauden beharrak eta leku arazorik ez dagoela.
- Itzubaltzeta / Erromon bosgarren txosna muntatzen uztea, bertako taldeek ere baldintza duinak izan ditzaten.

Bileran bertan, zinegotziak aipatutako proposamenak aztertuko zituela agindu zuen eta eskariak ezagutu baino lehen ateratako dekretuak behin behineko gisa aurkeztu zuen batzarraren amaieran, aldez aurretiko jarrera ona agertuz aldaketak egiteko. Hala ere, aste bat beranduago aldaketarik ez dela egon jakin izan dugu. Agian, inertziak jota edo. Horregatik Guzman Aranaga kultur zinegotziari eta Getxoko udal gobernuari publikoki eskatzen diogu talde guzti horiek aurkeztutako proposamena onartzeko. Horrela, gure arazo bakarra jaiak ahalik eta hoberen ateratzea izango litzateke.

Irakurri uztailaren 14an 25 elkartek Guzman Aranaga zinegotziari emandako idazkia eta talde horien zerrenda hemen (pdf) klik eginez.


Algortako Iñaki Deunaren Jai Batzordea
Portu Zaharreko Jai Batzordea
Erromo eta Pinuetako Jai Batzordea
Itzubaltzetako Txosna Batzordea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun