Tasa igoera "lotsagarrien" aurkako sinadurak batuko dituzte Paella Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 22a, 19:36

Dagoeneko Getxo udalerriko taberna, denda eta bestelako hainbat lekutan abian den kanpainari jarraipena emanez, igande honetan ere tasa igoera "lotsagarrien" aurkako sinadurak bilduko ditu, Aixerrotan ospatuko den 50. Nazioarteko Paella Lehiaketan, Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herritar taldeak. Horretarako mahai bat jarriko dute jai esparruaren sarbide nagusian.

Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok uda honen hasieran sortu den herritar taldeak sinadura bilketa abian jarri du orain dela gutxi. Hurrengo lerroak izenburutzat sinadurak biltzen hasi dira udalerriko komertzioetan:

"Zarama tasari ezarri zaion %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko ezarri den euro bateko tasa berria bertan behera utzi daitezela exijitu egiten dugu. Aldi berean udal tasen jeitsieraren alde egiten dugu. Horiek bertan behera uzteko, zein bidezkoa eta solidarioa den politika fiskaleko etapa berria hasteko, aukera bikaina izango du udal gobernuak irailean. Herritarrek eskatzen dutenaz ez badira oraindik ohartu, sinaduraz sinadura milaka getxoztarrok gogoraraziko diegu"

Jarraian, aipatu herritar taldeak zabaltzen ari den esku orria hitzez hitz:

Tasa igoera lotsagarrien aurkako sinadura bilketa

Getxon bizitzea gero eta garestiagoa da. Gazte jende askok herritik alde egin behar izan du non bizi topatu ez duelako. Etxebizitzaren prezioen erokeriari, Getxoko Udalak azken urte hauetan ezarri nahi duen zerga eta tasa politika gehitu behar diogu.

Hiri hondakin solidoak tratatzeko udalak ez du berezko alternatiba bat garatu azken hamarkadan zehar eta Diputazioak behartu duen aukera garestien eta kutsakorrenaren alde, errausketaren alde egin du itsu itsu. Orain hautu txar horren ardura herritar guztioi ordainarazi nahi digute. Herritar xehearekin batera, dendari eta tabernariak ere oso kaltetuta izango dira.

Udal zerbitzuen izaera soziala guztiontzat eskuragarriak diren prezioen bitartez indartu ordez, tasa guztiak gero eta garestiago kobratu nahi dizkigute.

Oso nabariak izan dira udal kiroldegietako tasa igoerak (Fadura eta Gobela), %10 2005 urtean eta tasa berri bat igerilekuetara sartzeko, eta estolderia eta zarama tasen igoerak. Estolderia tasa %7an igo da aurten eta zarama tasa %30 iaz eta %86an, udal batzarrak otsailean onartuta, Getxoko zabortegia ixten denerako.

Udal tasen gehiegizko igoeren aurkako getxoztarrok hiri hondakinetarako irtenbide garbia nahi dugu eta zerbitzu publikoen izaera soziala indartzeko kudeaketa arduratsua.

Honengatik guztiagatik Getxoko herritarren artean sinadurak biltzeari ekin diogu. Zerbitzu publikoak guztiontzat izan daitezen, sina ezazu!

Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok

Sinadurak biltzeko orria ere eskuratzeko aukera dago hemen (pdf) klik eginez.

Gaiaren inguruko berriak:

Getxoko udal tasen gehiegizko igoeraren aurkako sinadura bilketa abian da (2005 Uzt 19)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun