Uribe Kostako Koordinadora osatu dute eskualdeko bost gazte asanbladak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko uzt. 23a, 23:26

Dozenaka gaztek aurkeztu du gaur goizean Itzubaltzeta gaztetxean sortu berri den Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadora. Erakunde hori osatzen dute egun Leioako Udondo gaztetxeko Gazte Asanblada, Itzubaltzeta Gazte Asanblada, Algortako Gazte Asanblada, Berangoko Gazte Asanblada eta Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak. Itzubaltzetako gaztetxean deitutako auzolanen harira Uribe Kostako gazteek prentsaurrekoan aurkeztu dute kolektibo berria. Haien hitzetan, koordinadoraren helburua “batasuna eta komunikazioa bultzatzea” izango da. Era berean, eskualdeko gazteek azpimarratu dituzte gaur egun Uribe Kostan dituzten arazoei eta pairatzen dituzten erasoei erantzuteko asmoa dutela. Bereziki, jai eta kultur herrikoiei hainbat lekuetatik jartzen dizkieten oztopoak eta isunak, atxiloketak eta espetxeratzeak bezalako errepresio neurriak salatu dituzte.

Gaur egindako aurkezpenean iragarri dutenez, koordinadorak irailean emango ditu bere lehenengo urratsak. Kazetarien galderei erantzunez, koordinadorako kideek ez dute baztertu eskualdean okupazio berriak eragitea. Bestalde, orain arte Uribe Kostako hainbat gazte asanblada koordinatu diren Ibaizabaleko Ezkerraldeko eta Eskumaldeko Koordinadoran parte hartzen jarraituko dutela zehaztu dute Uribe Kostako gazteek, unean uneko ekintzak aurrera eramateko asmoz.

Itzubaltzetan gaur teilatua berriztatzeaz gain, ostatuko barra atondu eta kanpoko pasealekuko zorua berdintzeko lanak burutu dituzte gazteek.

Komunikatua:

“Itzubaltzeta gaztetxearen egoera kontuan harturik, gaur Uribe Kostako gazte asanbladak bildu gara Itzubaltzetako gazteriari elkartasuna adierazteko. Gaurko eguna Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadora aurkezteko erabiliko dugu. Koordinadora honen helburua batasuna eta komunikazioa bultzatzea izango da, eskualdeko gazteriak pairatzen dituen arazoei eta erasoei aurre egiteko eta, antolakuntza eta autogestioa borrokarako tresna moduan ulertuta, etorkizun duina eraikitzeko ere bai”.

Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadora
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun