Getxoko Udalaren aurtengo txosna dekretuari desobedientziaz erantzun diote Portu Zaharrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abu. 13a, 19:29

Getxoko Udalaren Kultura Arloak finkatutako txosna kopurua alde batera utzita, atzo dozenaka gaztek egurrezko txosna bat eraiki zuten Portu Zaharreko txosnagunean. Arratsaldeko 4:00etan hasi zirela, gaueko 10:30ean dena zeukaten prest ostatua zabaltzeko. Segi gazte erakunde ilegalizatuaren ikurra eta okupazioaren aldeko sinboloekin dekoratutako txosnak honako mezua dauka irakurgai: "Ez digute txosna jartzen utzi... baina geuk egin dugu!". Iragan diren Algortako jaietan ere, baimenik gabeko txosna kokatu zuten hainbat gaztek eta euskaltzalek "jai herrikoien alde" lelopean eta Segi eta Euskal Herrian Euskaraz taldeko hainbat ikurrekin. Kasu horretan, egunero jarri eta kendu egin zuten. Bestalde, Portu Zaharrean ohiko kontua da baimenik gabeko txosna egotea, aurreko urteetan horrela izan baita.

Guzman Aranaga zinegotziak zuzentzen duen Kultura Arloak Algortan, Portu Zaharrean eta Itzubaltzeta / Erromon txosna jartzeko baimena ukatu zien udalerriko bost elkarte eta kolektibo bati. Uztailaren 14an, udalerriko 25 elkartek jaiak hobetzeko hainbat proposamen egijn zizkioten zinegotziari baina horrek "aztertuko zituela esan ostean ez zituen kontuan hartu", hiru herrietako txosna eta jai batzordeek jakinarazi zutenez. Eskarien artean herri bakoitzean txosna bat gehiago jartzen uztea jasotzen zen.

Sei baimen ukatuta

Ukatutako baimenak honakoak izan dira: Algortan, Karrika gazte konpartsa, dekretuak jarritako data baino beranduago sortzeagatik eta UKBERRI.NET, zazpi txosna baimenetarako balorazioan zortzigarren gelditzeagatik; Itzubaltzeta / Erromon, Zasi Eskola Dantza Taldea, 2005eko aurrekontua ez aurkezteagatik (UKBERRI.NETek jakin duenagatik aipatutakoa aurkeztu egin zuten, epez kanpo) eta Itzubaltzetako Gazte Mugimendua, Getxoko Udal Erregistroan izena emanda ez edukitzeagatik; Portu Zaharrean, Beti Kalean Kultur Elkartea eta Gu Geu Gazteak Elkartea, dekretuak jarritako data baino beranduago sortzeagatik.

UKBERRI.NETen kasuan, elkarte horrek Algortan lekurik ez zuenez Kulturatik Itzubaltzeta / Erromon edo Portu Zaharrean txosna jartzeko aukera eskaini zitzaion. Izan ere, hasieran Portu Zaharrean Koska Irratiari eta Itzubaltzeta / Erromon Gazte Enbata konpartsari txosna jartzea ukatu zieten aurkeztutako dokumentazioan forma akatsak zeudelakoan. UKBERRI.NETek ez zuen horrelako "konponbiderik" onartu. Azkenean, Koska zein Gazte Enbatak eskuratu zuten txosnarako baimena, baina UKBERRI.NETek eta beste bost taldeek ez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun