Orain San Luis las Anonas y Poblaj nekazal komunitate indigenan nago akonpainamendu lana egiten. Kide hauek urteak emon dituzte egunero lur hauei bizia eskaintzen. Egunero gizonak, eguzki goiztiarraren azpian artoa, frijolea, kafea... lantzen dute; egunero hemengo umeak etxeko lanak alde bateara utzi eta eskolara doaz euren kultura eta hizkuntza lurpera ez dadin ikastera; egunero emakumeak etxea eta komunitatea bera aurrera eroaten dute.
Zaintza-komandoak
Guzti horrekin, iada, lurrak bereak egiten baditu (lurra, lantzen duenarena da!), hori gutxi balitz erosi eta legez eurenak bihurtu dituzte. Bizi hori zaila bada ere, ondiño zailagoa bihurtzen dute alboko agintari eta epaileek jartzen dizkioten oztopoek. Euren lurretan, komunitatearen baimenik gabe, erein, zuhaitzak moztu, etxeak eraiki eta gainera eurenak diren milpak suntsitzen dituzte. Horregatik egunero zaintza-txandak egin behar ditugu, 7-10 pertsonatako komandotxotan.
Ibilaldi hauetan suntsipenen eta suntsitzaileen argazkiak ateratzea, epaileen aurrean salaketak egitera lagundu (internazionaliston presentziak pisu gehiago ohi du), txosten bat egin, baina garrantzitsuena, nire ustean, bakarrik ez daudela aditzera emotea da, hori baita indarra ematen diena, biharko egunean borrokan jarraitzeko nahia. Euren eskerreko begiradek aski eskertzen dute.
"... o por las malas"
Adibide bat jartzeagatik alboko herriko boteretsu batek lagunduriko etxea eraikitzen hasi ziren, kideak poliziengana eta epailearengana joan ziren ilegala zen horren berri emotera : "o lo paran ustedes o la comunidad decidió que se parará por las buenas o por las malas. Esan eta egin. Lau egun eman zituzten bueltaka eta inork kasurik egiten ez zietela ikusirik, justizia euren eskuz egin zuten. Goiz baten etxea lurrean esnatu zen deseginda.
Duintasunaren borroka hori, Guatemalako komunitate askotan ematen ari den egunerokoa da eta horregatik diot: hemen iraultza bizirik dago. Egunero gogotsu esnatu, gogor lan egin eta etsitasuna baztertzen dute eurena dena azkeneraino defendatuz.
Guatemalan dagoen itzubaltzetar bat