Bilboko jaietaz aparte, Aratusteak eta bestelako ekimenetan ere euskara sustatzen aritzen gara. Baina lan honetan, Hau Pittu Hau ez dago bakarrik. Beranduago sortu baziren ere, hor daude beste bi konpartsa euskaldunak: Hor Dago! eta Algara. Hau seinale ona da, eta guztiz pozgarria, Bilbon proiektu euskaldunen inguruan gero eta euskaldun gehiago batzen baikara.
Hala ere, oraindik ezin dugu esan Bilbo euskaldun batean bizi garenik. Zoritxarrez, Euskal Herriko hiririk handienean askotan Espainia sakonean gaudela ematen du. Eta hau jaietan askoz nabarmenagoa da. Bilboko jaietan euskara eta euskal kultura oraindik ere baztertuak izaten dira leku anitzetan. Eta zergatik gertatzen da hau? Bi arrazoi nagusi daude.
Alde batetik, euskara eta euskal kultura baztertzen duten agintari eta eragile espainol asko daude Bilbon. Beraien botere-guneetatik jai ez-herrikoiak eta espainolak inposatzen dizkigute. Holako pertsonaientzako euskara bigarren mailako hizkuntza da, eta horrela tratatzen dute. Espainiako kultura gurea izango balitz zabaltzen dute, gure herriko ondareak edozein txoko ilunean folklorikoki utziz. Pertsonai hauen artean, zalantzarik gabe, eragin handiena duena Azkuna alkatea da.
Beste aldetik, euskara jakinda espainolez hitz egiten dutenak aipatu behar ditugu ere. Holako pertsonaiek ere gure jaiak espainolizatu egiten dituzte. Gainera, hauen artean abertzaleak omen diren batzuk topa ditzakegu. Zein motatako herria eraiki nahi dute horiek? Zalantzarik gabe, borrokaz okertu direla esan behar zaie. Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk.
Beraz, holako elementuei aurre egin eta jaietan euskara erabiltzera animatzen zaituztegu. Jai giroan ere gure hizkuntza eta kultura defenditu behar ditugu. Bilboko jaietan euskaldunak garela erakutsiko dugu. Lehenengo hitza euskaraz!
Jose Miguel Campillo Robles eta Txomin Iturrioz Malaina, Hau Pittu Hau Konpartsako kideak