Zazpi kontzentrazio burutuko dira bihar, ostirala, euskal presoen alde

Etxerat elkarteak hilabetero azken ostiralean deitutako mobilizazioari erantzunez zazpi kontzentrazio burutuko dira Uribe Kostan biharko egunean. Ohikoa denez, kontzentrazioak honako lekuetan egingo dira: Leioa: Boulevarrean, 20:00etan; Areeta: Xake enparantzan, 20:00etan; Algorta: Telletxen, 20:00etan; Berango: Gudari enparantzan, 20:00etan; Sopela: Udaletxeko plazan, 20:00etan; Urduliz: BBVA bankuaren aurrean, 20:00etan; Armintza: bus geltokiaren aurrean, 19:30ean. Bilboko Aste Nagusiaz gozatzen ibiliko direnentzat propio dei berezia egin du Etxeratek. Han, 19:00etan egingo dute elkarretaratzea, Arriagan.

Etxeratek zabaldutako komunikatua:

Azken ostirala, abuztua

Udan ere sakabanaketak ez digu oporrik eman. Besteak beste, beste bi istripu berri eragin ditu: Angoulemen duten Lurdes Urdanpillateren bi lagunek eta Soto del Realen duten Anabel Eguesen hiru senidek jasan dituzte oraingoan. Halaber, bi estatuek espetxe politika hiltzailean sakontzen jarraitzen dute: presoak oraindik eta gehiago urrunduz, bakartuz, edo preso dituzten gure senitartekoak ez askatzeko neurri berriak hartuz.

Sufrimenduaren hedatzea besterik ez dakarten politikak dira horiek. Jakin badakite ez dutela fruitu politikorik lortuko, urte luzez eta duintasun osoz egin baitie aurre gure senideek xantaia politikoa helburu duten politika hiltzaile horiei guztiei. Badakite ere, halaber, izugarrizko sufrimendua eragingo dutela: bizi osorako zigorrak heriotza zigorrak baitira, astero-astero eginarazten dizkiguten kilometroek, espetxeetan ezarriak dituzten bizi baldintza jasanezinek eragindako heriotzak. Eta halaber, herri oso bat gatazkaren ondorioetara zigortzeko neurriak dira horiek guztiak. Konponbidea beste bide batetik etorriko baita, hain justu, eragile guztien arteko elkarrizketatik, guztien arteko akordioetatik eta, horretarako, jakin badakite, gure senideei estatus politikoa aplikatu behar dietela, euskal herriratu eta, pertsona nahiz kolektibo gisara dituzten eskubideak bermatu behar dizkietela. Irlandan, Hego Afrikan… gatazkak konponbidean jarri diren herri guztietan egin den bezala.

Beldurgarria da ere halaber, herri honetako agintariak, ardura politikoak dituztenak erakusten ari diren jarrera. Bi zaborrontzi erre dituztela eta berriro ere beraien samina azalduz agertu zaizkigu. Baina eta gu? Eta gure senide eta lagunak, herri honetako seme-alabak? Ondoko belaunaldiak? Nola konpondu asmo duzue gatazka politiko historiko hau estatuen biolentziaren aurrean mutu mantentzen zaretela. Zer motatako konponbidea bultzatu asmo duzue? Zer motatako elkarrizketa bultzatu asmo duzue bi estatuek dispertsaturik, bizi baldintza gordinenetan duten herri honetako seme alabez osatutako kolektiboaren eskubideen defentsan ezer egiteko gai ez zaretenean, estatuei presio baino zuen isiltasunarekin nahi dutena egiteko txeke zuria ematen ari zaretenean.

Ez ditugu sekula bakarrik utziko. Gure senideak non, han izango gara gu ere beti, garesti, heriotzarekin, ordaindu arren, urte luzeetan erakutsi dugun legez. Halaber, sakabanaketarekin amaitzeko, euskal presoak Euskal Herriratu, beraien eskubide guztiak, pertsona nahiz eragile gisara dagozkien eskubideak bermatzeko erabakia hartu dugu bide horrek eramango baitigu guztion onerako horrenbeste behar dugun gatazka politikoaren konponbiderantz eta badakigu, estatuek gureak lehenik euskal herriratu eta, ondoren, etxeratzeko, guztion lana behar dugula. Lortuko dugu, Euskal presoak Euskal Herrira, etxera!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun