Kontzertu nagusiei dagokienez, aurten Boban Markovic Orkestar (Serbia) taldeak zabalduko du Getxo Folk. Talde hau Balkanetako ijito-orkestrarik ospetsuenetako bat da. Bere eskutik, jendeak jai giroko musika entzungo du, dantzatzeko eta mugitzeko asmatua, baina bestelako alderdiak ere badituena (esaterako, malenkonia). Boban Markovicen jakituria instrumentalari esker, serbiar brass bandak beste dimentsio batera iritsi dira. Talde honen legenda laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran abiatu zen. Hamarkada hartan, urtero-urtero irabazten zuten Gucarit-eko Dragacevo Jaialdi ezaguna, ijito-musikako metalen taldeetako jaialdi nagusia, Balkanetako talderik onenak biltzen dituena. Haien musika mundu osoan ezaguna da orain, eta zinera ere eraman dute Emir Kusturica zuzendari ospetsuaren eskutik.
Irailaren 2an, Sharon Shannon, irlandar folkeko artistarik ezagunenetako bat eskainiko du emanaldia. Urte gutxitan bere herriko musika tradizionaleko ezinbesteko erreferentzia bihurtu da. Clare konderriko Ruan herrikoa da Shannon; eremu profesionalean 1990ean agertu zen estreinako aldiz, Jim Sheridan ospetsuari esker, "The Hostage" musika egitasmoan txoko bat eskaini zionean, Galwayko Druide antzoki ezagunean antzeztua. Urte hartatik aurrera, Sharonen karrera arrakastaz josita egon da, eta zazpi disko grabatu ditu.
Jaialdiaren erdialdean Malkit Singh jardungo da Xake plazan. "Bhangraren erregeak" mundu osoan zabaltzen ari den musika mota bat plazaratuko du Areetan, Punjabeko doinu tradizionalak erritmo elektronikoekin eta poparekin nahastuz.Malkit Singh 1963an jaio zen Hussainpur-en (Punjab, India), eta Punjabeko tradizio folklorikoko maisurik ohoragarrienekin ikasi zuen. Bere herrian "Golden Voice" sari garrantzitsua irabazi zuenean, ez zuen susmorik ere bere talentuari eta indarrari esker bhangra ohiturarik zaharrenetatik Indiako zinearen pantailetara (Bollywood deritzon industria indartsura) eta hortik mendebaldeko kultur eta abangoardia giroetara eramango zuenik. "Nach Gidde Wich" disko harrigarria izan zuen aurrenekoa, eta 1987an bhangra musikako industria jaio berriko arrakastarik handiena jaso zuen, "Gurh Nalon Ish Mitha" lanaren bitartez. Laster, Singh-i bhangraren errege deitzen hasi ziren. 1988an, "Upfront" diskoarekin, anglo-asiar zirkuitua gainditu zuen eta bhangraren historian gehien saldutako diskoa bihurtu zen. Harrezkero hogei lan atera ditu eta pelikula eta dokumentaletako musika idatzi du, esaterako, Mira Naïren "Montzoiko ezkontza" eta Gurinder Chadharen "Beckhamen modukoa izan nahi dut".
Azkenik, kontzertu nagusietako azkena emanaldi bikoitza izango da. Lehenik eta behin, Korrontzi taldeko kideak aterako dira oholtzara. Proiektu honen bidez bizkaitar trikitilari ezagunen lana omendu nahi dute. Gero Olodum kultur kolektiboak joko du. Talde hau 1979an sortu zuten Salvador de Bahíako Maciel-Pelourinho (Brasil) barrutiko bizilagunek, Inauterian talde antolatu edo "bloco" gisa parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko. Olodum taldean, hamasei urtean, 800 lagun izatetik 3.000raino iritsi dira Inauterietako desfilean. Eurek esaten dutenez, "Kultura beltzaren balioak gorde gura dituen taldea da Olodum. Haientzat, arrazismoaren aurkako borroka funtsezkoa da. Talde honen barnetik musika talde bat sortu zen, nazioartean garrantzi handia hartu duena, "The Rhythm of the Saints" bezalako lanei esker eta Paul Simonen neurriko artistekin lan egiteagatik.
Bestelako kontzertuak
Arratsaldeko kontzertuei (19:00) dagokienez, Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia kalean jarritako karpan izango dira, ohi bezala. Bertan nazioartean hain ezagunak ez diren baina kalitatea erruz duten taldeak jardungo dira. Aurtengoan, Luétiga (Kantabria), EA y Tttakunpa (Cádiz-Euskadi) eta Blue Horses (Erresuma Batua) taldeak izango ditugu gurekin. Gauez, Santa Eugenian kokatutako Munduko Terrazan (23:15), jendeak hurbilagoko erritmoekin gozatu ahal izango du, Injuve Musikaren Zirkuituen atalean parte hartzen duten talde gazteen eskutik. Aurtengo honetan, Aira Da Pedra (Gaztela-Leon), Anabel Santiago (Asturies) eta Xera (Asturies) izango dira bertan.
Gaztetxoenek ere euren txokoa izango dute folkean "Doctor Do, Re, Mi" ikuskizunarekin (Areetako Xake plazan), Oskorri euskal talde ezagunaren eskutik, Gipuzkoako haur-kantetan oinarrituta. Ikuskizun honetan umeak dira protagonista nagusiak, jokoetan, jardueretan eta abestietan haien parte hartze aktiboa beharrezkoa delako.
Gainera, beste herri batzuetako kale-bandek desfileak egingo dituzte. Horrela, herriko kaleak erritmo tradizionalen erakusleiho ikusgarria izango dira. Aurtengoan, Eskoziako eta Alemaniako taldeak egongo dira. Azkenik, jaialdian Bidezko Merkataritza Azoka (Itzubaltzeta / Erromoko Ibaiondo kalean) eta Munduko Azoka (Xake plazan) ere egongo dira ikusgai.
Ikusi egitarau osoa agendan