Oraindik badago aukera Balendin Enbeita bertso-paper lehiaketan parte hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abu. 30a, 22:36

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatutako Balendin Enbeita zenaren omenezko VII. lehiaketa honetan edonongo bertso-jartzaileek har dezakete parte. Adinaren arabera, atal bi bereizi dituzte: helduak, 19 urte edo gehiagokoak; eta gazteak,18 urtera artekoak, 2005ean 18 betetzen dituztenak barne. Muga bakarra, beraz, datan dago etzi, irailaren 1a, baita lanak aurkezteko epemuga. Bertso guztiek berriak izan beharko dute, hots, beste inon saritu edo argitaratu gabeak. Sariak, berriz, abenduaren 10ean emango dira, Algortako Getxo Antzokian, 19:00etan hasita, egingo den Ahobien Gala ekitaldiaren barruan.

Bertsoen gaia, neurria eta doinua libreak izango dira parte-hartzaile guztientzat. Helduen atalean, parte-hartzaile bakoitzak gutxienez 8 bertso egin beharko ditu, eta gehienez 12. Gazteen atalean, parte-hartzaile bakoitzak gutxienez 6 bertso egin beharko ditu, eta gehienez 10. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste bertso-sorta aurkez dezake.

Nora eta zelan bidali

Bertsoak posta arruntez zein posta elektronikoz bidal daitezke. Posta arruntez bidaltzekotan, bertsopaperean ez du egilearen izenak agertu behar. Bertso-sorta bakoitza izengoitiz sinatuko da eta egilearen izen-abizenak, jaioteguna, helbidea eta telefonoa/faxa/e-maila aparteko gutunazal batean sartuko dira, kanpoaldean izengoitia ageri dela. Gutunazal bien egilea zein ataletara aurkezten den ipini behar da. Hona hemen helbidea:

Balendin Enbeita 7. saria
Bertso-paper lehiaketa
Algortako Bertsolari Eskola (ALBE)
12 posta-kutxa, 48990 Algorta. Bizkaia.

Bertsoak posta elektronikoz bidali gura badira, Word formatuko dokumentu bi bidali behar dira. Batean bertsosorta bera eta goitizena; eta bestean goitizena eta norberaren xehetasunak. Hona hemen helbide elektronikoa: albegetxo@euskalnet.net

Sariak

Helduentzat:
- 1. saria: txapela, 1.200 € eta garaikurra.
- 2. saria: 900 € eta garaikurra.
- 3. saria: 600 € eta garaikurra.

Gazteentzat:
- 1.saria: txapela, 300 € eta garaikurra.
- 2. saria: 150 € eta garaikurra.
- 3. saria: 90 € eta garaikurra.

Bertso-jartzaile batek ezingo du sari bat baino gehiago jaso,
halandaze lortzen duen saririk handiena emango zaio.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago gura izanez gero, hona hemen harreman-bideak:

- Telefonoa: 605 704 385
- E-maila: albegetxo@euskalnet.net
- Web gunea: www.albegetxo.net

Oinarriak ere osorik eskuratzeko aukera badago hemen sakatuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun