Disziplinazko espedienteak "neurrigabe" ezartzea egotzi diote Zarraoari Getxoko udaltzainek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abu. 30a, 23:54

"Iñaki Zarraoa alkateak Getxoko udaltzainei masiboki ezartzen ari dien disziplinazko espedienteak" argitara ematen hasi dira jada, "abuztuaren 15az geroztik", euren "lan baldintzak hobetzeko" asmoz apirilaren erdialdetik mobilizazioetan dabiltzan ELA, CSI-CSIF, UGT, CCOO eta SVP sindikatuek jakinarazi dutenez. "Bi abokatu eta hiru administrari laguntzaile kontratatu dituzte prozedura hori arintzeko, zenbat diru gastatu kontuan hartu gabe", langile erakundeek prentsa ohar bidez salatutakoaren arabera. Gainera, udaltzainak "birritan zigortzea" egotzi diote tokiko agintariari, "disziplinazko espediente horiek dakartzaten jarduera eta ordainketa-etendurak polizi agenteek libre dituzten edo oporretan dauden egunetan betetzera behartzen ari dituztelako". (Argazkian, Ereagako igogailua inauguratu zen egun berean egindako protesta).

ELA, CSI-CSIF, UGT, CCOO eta SVP sindikatuen hitzetan hainbat dira udaltzainei zigorrak ezartzeko udal agintariek kontuan hartutako arrazoiak, "autoetan zein jantzietan udaltzainen eskaeren gaineko pegatinak eraman, polizia agenteak aipatu kotxeetan igo eta garraio, zirkulazio eta zamalanen inguruko udal ordenantzak betearazi izana", hain zuzen ere. Horrekin batera, "ordainketa-etendurak ezarri dizkiete bajan dauden langileei".

Udaltzainengan ez ezik, herritarren segurtasun, delituen prebentzio eta trafiko, obra eta ordenantzen arau-hausketen diru bilketan ere eragina izaten ari da gatazka, langile erakundeen hitzetan, protestan hasi zirenetik "isun bakar bat ere ez" dutelako jarri polizia agenteek. Izan ere, apirilaren 13az geroztik, "komisarian itxita edo hiri-inguruko kokalekuetan finko egotera behartuta" aurkitzen dira udaltzainak, sindikatuek salatutakoaren arabera. Algortako Iñaki Deunaren jaietako azken gauean, uztailaren 31an, gertatutako kale erasoen ondorioz, jasotako salaketei ere argudio hori erabiliz erantzun zioten Zarraoari. Istiluen "erantzule" egin eta horiek ekiditzeko bertan ez baziren egon, "arduragabekeria osoz lan egitera ez zirelako agertu" izan zela egotzi zien orduan polizi agenteei alkateak.

Neurri berriei kasurik ez

"Hori gutxi balitz, hemendik aurrera autoa zaintzen gelditu beharko da polizi agente bietatik bat, larrialdi zerbitzuren bat betetzera joaten direnean, kotxea zikindu edo bertan pegatinak jar ditzatela saihesteko", jakinarazi dute udaltzainen ordezkariek, agindu horien aurrean "udal agintariei jaramonik ez" dietela egingo gaineratuz.


Gaiaren inguruko berriak:

Disziplinazko espedientea ezarriko diete Getxoko 63 udaltzaini (2005 Uzt 19)

Getxoko udaltzainen aferan, "larderiaz" eta "amorerik eman nahi izan gabe" jokatzea egotzi dio Zarraoari ELAk (2005 Uzt 01)

Udaltzaingoaren gatazka dela eta eztabaidan sartu dira Izaronews eta Getxoko alkatea (2005 Eka 17)

Espediente informatiboa ezarriko diete Getxoko hainbat udaltzainei (2005 Eka 08)

Asteazken honetan ekingo diete berriro protestaldiei Getxoko udaltzainek (2005 Eka 07)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun