Ikastaroetan izena emateko epea zabalik
Aisa oinarrizko ikastaroa Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan bizi diren 16 urtetik gorako etorkinei dago zuzenduta, beti ere aldez aurretik euskararekin inolako harremanik izan ez badute eta gure hizkuntza ikasteko lehen urratsak eman nahi baldin badituzte. Ikastaroak doakoak izango dira, baina aurretik 10 euroko fidantza jarri beharko da. Eskolak amaitzen dutenei dirua bueltatu eta diploma zein oinarrizko hiztegi eleanitza emango zaie. Sakeleko hiztegitxoak euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, portugesa, katalana, galegoa eta arabieraz hainbat hitz izango du.
Aisak 60 orduko iraupena izango du, lau ordu astero emango direla bi egunetan banatuta. Erabiliko diren gaiak egunerokotasunekoak izango dira, gizartea ezagutzeko aukera emanez: hala nola, agurrak, zenbakiak, familia, eskola, garraioak, osasuna, kirola, azoka... Ariketen ardatz nagusia gai horien hiztegia izango da, baita hizkuntzaren oinarrizko ulermena (kale izenak, txartelak...).
Izena emateko epemuga datorren urriaren 5a izango da eta matrikula Getxoko Udal Euskaltegian, Erromoko Lope de Vega kaleko 12an (tel.: 944 646 299) zein Lauaxeta AEK euskaltegian, Algortako Iparbide kaleko 6an (tel.: 944 304 734) eman daiteke.
Getxoko Udalak zabaldutako informazioaren arabera ez da aipatzen etorkinak Estatu espainiarratik kanpokoak izan behar diren ala Estatu espainiarretik etorritakoek ere Aisa ikastaroetan izena ematerik daukaten.
Etorkinak kontuan hartuta
Hau da etorkinak euskarara hurbiltzeko propio egin den lehenengo ekimena orain dela bi urte Getxoko Euskara Batzordean hainbat kidek gai honetan eskua sartzeko eskatu zutenetik.
Getxoko Udalak "Atzerriko inmigrazioa eta tokiko administrazioa Getxon" jaso zuenez, 2004an 83.558 biztanle zeuden udalerrian. haietatik 80.231k osatzen zuten "biztanleria espainiarra" (sic) eta beste 3.327k "biztanleria atzerritarra", Getxoko biztanleen %4, alegia. Bestalde, 2005eko urtarriletik maiatzera bitartean Getxon finkatutako Estatu espainiarretik kanpoko 1.000 bat etorkinek eskatu zuen bere egoera arautzeko, Heldu zerbitzuak abuztuaren bukaeran jakinarazi zuenez.