Getxo Folk jaialdira 48.000 pertsona hurreratu dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 5a, 23:31

Atzo amaitu zen Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren XXI. edizioa, lau egunetan zehar kultura ezberdinetako musiken topagune bilakatu dena. Getxoko Kultur Etxeak emandako datuen arabera, irailaren 1etik 4ra 48.000 lagunek gozatu dute Itzubaltzeta / Erromo eta Areetan egindako kontzertuez eta jarduerez. Guztira, 11 musika emanaldi izan dira eta, horiekin batera, Munduko Terrazak, Munduko Azokak, Bidezko Azokak eta tailerrek jai-giroa eta kulturen arteko harremana sustatu dute Getxo Folken. Kontzerturik ikusiena Korrontzi Euskal Herriko taldeak eta Brasilgo Olodum-ek eskaini zuten, 8.000 lagunen arreta jasoz.

Areetako Xake plazan egin diren kontzertu nagusiek arrakasta handia lortu dute aurten ere. Malkit Singh "bhangraren erregea"ren saioa jendetsua izan zen, karpan eta inguruetan 4.500 lagun bildu zirela. Sharon Shannon artista irlandarraren saioak eta azken egunekoak, Korrontzi euskal taldearen eta Olodum brasildarren kontzertu bikoitzak, 8.000 lagun bereganatu zituzten. Boban Markovic Oskestar serbiarraren emanaldiak osatu zuen erritmo oso ezberdinen erakusleiho bihurtu den kontzertu nagusien programa.

Arratsaldez

Arratsaldeko kontzertuei dagokienez, Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia kaleko karpan eskainitako saioek aurreko urteetan ezarritako ildoari heldu diote. EA! eta Ttakunpa taldeen arteko lankidetzak Euskal Herriko eta Andaluziako doinuak uztartu zituen arrakasta handiz. Beste hainbeste gertatu zen Blue Horses taldea ordezkatu zuen Mexikoko Mariachi Imperial de Nochistlanekin. Guztira, 3.000 bat lagun etorri ziren emanaldi hauetara. Bestalde, Kantabriako Luétiga taldeak 1.000 bat ikusle bildu zituen jaialdiaren lehenengo egunean.

Ohikoa denez, Munduko Terrazako kontzertuek (Santa Eugenia kalean, 23:15etan), Injuve Musika Zirkuitua osatzen duten talde gazteak izan dituzte protagonista. Aurten Anabel Santiago eta Xera asturiarrak eta Gaztela eta Leongo Aira da Pedra taldeek parte hartu dute emanaldi hauetan. Bestalde, txikienek eta ez hain txiki direnek Oskorri eta Kukubiltxo taldeen azken ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten Areetako Geltokiko plazan. Haurrentzako emanaldi honek 2.000 bat lagun bildu zituen. Azkenik, Eskoziako British Airways Pipe Band eta Bavariako Traktenkapelle taldeek jaialdiaren musika eskaintza osatu dute. Bi talde hauek kale giroa alaitu dute eta talde alemaniarra atzo bertan Itzubaltzeta / Erromon ospatu zen Oktoberfestan jardun zen.

2006ko Getxo Folki begira

Herrien eta kulturen arteko elkartasuna bultzatzeko ekitaldiek lortutako arrakasta aipatu behar da. Zenbait gobernuz kanpoko eta etorkin-erakundeen laguntzaz antolatutako Bidezko Azokak, Munduko Azokak, tailerrek eta Munduko Terrazako gastronomiaren guneak milaka lagun bereganatu dituzte. Datorren urteari dagokionez, jaialdiak bere filosofiari eutsiko dio: talde ospetsuak eta musikari gazteak uztartzen dituen musika egitaraua eskaini eta herrien arteko elkartasuna bultzatzen duten jarduerak bultzatu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun