Zentsura-mozioaren zurrunbiloan, hanka sartu du Arruek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 6a, 21:28

Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak atzo goizean bertan gezurtatu zuen Fernando Grande-Malaska epaileak ETAren informazio eta kaptazio egituretan parte hartu izana leporatzen dien pertsonen artean "Getxo Irratian lan egiten edo lan egin duen lagunen bat dagoenik". Larunbatean zabaldu zuten okerreko informazioa hainbat hedabidek eta, horri helduz, "asaldagarritzat" jo zuen, egun horretan bertan, Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak, "berriro ere Udalarekin lotura duen pertsona batek ETAko kide izateagatik auziperatuta egotea". Zarraoak guzti hori ezeztatu eta auzipetua "Getxo Irratiarekin zer ikusirik ez duen Algortako irrati txiki batean egin zuela lan" azaldu zuen atzoko agerraldian. Izenik eman ez arren, zantzu guztien arabera, Galder Bilbao "Txapi" (argazkian) preso algortarrari buruz ari ziren batzuek zein besteak, eta Uribe Kosta osoan entzun daitekeen Koska litzateke Zarraoak aipatutako "irrati txikia". Izan ere, Etengabe.org Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko bitakorak jakinarazitakoaren arabera, irailaren 1ean eraman zuten Bilbao Auzitegi Nazionalera, diligentzietarako. Horren ostean, EFE agentziak zabaldu zuenez, prozesatuta gelditu zen beste 39 euskal herritarrekin batera, ETArekin zerikusia izatea leporatuta.

Getxoko PPk abuztu aldean iragarritako zentsura-mozioa udalbatzan aurkezteko eguna heldu artean, ordutik hona hainbat izan dira, Marisa Arrue bozeramaile popularrak Iñaki Zarraoa alkateari egotzitakoak: tokiko gobernuak udaltzainekin duen gatazkaren "erantzule bakarra" bera izatea, tartean. Oraingoan, hainbat hedabidek zabaldutako informazio okerra erabili du zinegotziak, berriro ere, "egoera jasanezina" dela adierazi eta "inhibizioagatik edo tolerantzia handia dagoelako, ETAko kideak Udalean" sartzen direla salatzeko.

Arrueren hanka sartzeaz ohartuta, kaleratutako informazioen eta Getxoko PPko bozeramaileak eginiko adierazpenen aurrean zuzenketa eskatu zuen atzo Zarraoak. “Politikariok agentzia batetik heltzen diren albisteak aztertzeko eta egiaztatzeko gaitasuna izan behar dugu, horretarako bitartekoak jarriz”, gaineratu zuen alkateak.

Lan egiteko eskubidea

Pertsona hori oraindik udal langilea izanez gero, lan kontraturik gabe uzteko ere eskatu zuen Arruek. Horren harira, "oso demokratikoa ez izatea" egotzi zion Getxoko PPko bozeramaileari Zarraoak. “Izpiritu demokratiko eskasa adierazten du auziperatuta egoteagatik, lan egiteko duen eskubidea lagun horri kendu diezaiotela eskatzeak. Denok defendatu behar ditugu lan egiteko eskubidea eta errugabetasun-presuntzioa”, nabarmendu zuen udal agintariak. Azkenik, "espetxean daudenek ere lan egiteko eskubidea" dutela gogoratu zion Arruerri Zarraoak. "Espainiako Espetxe-zuzenbideak gradu desberdinak aurrikusten ditu. Horren arabera, lan egitera joateko irtetzen uzten diete hainbat presori”, alkateak azaldutakoaren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun