Atzo aurkeztu zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean "Entsegu Lokala" izeneko hirugarren bilduma. Gaztesarea atariak eta Xirika Gazte Kazetak elkarlanean eginiko diskoaren ezaugarrien artean, talde gazteen aldeko apostu garbia eta autogestioan bizi dien taldeen alderko aukera ditugu. Bildumaren antolatzaileen esanetan, "gazte mugimenduko proiektu komunikatiboetatik hasieratik ari gara euskal musika talde gazteen lana bultzatu nahiean". Horretarako Musikalek, Gaztesarea atarian eta Xirika kazetan daraman filosofiari jarraiki kontratu diskografikorik gabeko 16 talde batu ditu CD bilduma honetan. Era berean, "talde guztien abestien hitzak euskaraz daude, euskararen normalkuntzarako bidean ere urrats txiki bat eman nahi baitugu bilduma honekin", adierazi dute.
Rock musika nagusi
Aurreko bi konpilazioetan bezala, herrialde ezberdinetako taldeak batzen dira bilduma honetan. Talde gehienak gipuzkoarrak dira Malenkonia, Golpe de Estado, Adikune, Ozen, Nuke, Itaka, Lukas Prest edo Afonia kasu, bizkaitarrak ditugu berriz, Dirties, Oliba Gorriak, Ekin eta Abra Kadaver taldeak. Lapurditik Mix6t taldea, Arabatik Mossin Nagant eta Nafarroatik Banda Batxokik ixten dute parte hartzaileen zerrenda. Musika eraginen inguruan berriz, zera diote disko hau gure herrietan gertatzen denaren isla garbia da, eta musikalki hemen ere rock musika da nagusi. Hala ere badira beste estilo ezberdinak jorratzen dituztenak pop, reggae edo rap-a kasu
Gure herrietako entsegu lokaletan sortzen ari diren doinu gazte eta berriak ezagutzeko aukera ezinhobea da Gaztesarea eta Xirikaren eskutik datorkigun CD hau.