Endika Lejarzegi 15 urteko espetxera zigortu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 7a, 23:55

Atzo bertan abokatuari jakinarazi zioten epaian, 15 urteko espetxe zigorra sartu diote Endika Lejarzegiri apirilaren 28an Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, hau da, fiskalak eskatu zion guztia. Abokatuek epaia errekurritu egingo dutela adierazi dute. Izan ere, akusazioa ADN ustezko aztarnetan oinarritu zen bakarrik, eta Auzitegi Gorenak emandako hainbat erabakietan kontrol judizialik gabe aurkeztutako ADN aztarnek ez dute “froga” baliorik. Sententzia honek berriro uzten du agerian Espainiako Auzitegi Nazionalaren izaera politikoa, beste edozein auzitegitan Ertzaintzaren jokutria horrek ez zuelako inolako baliorik izango. Baita Ertzaintzaren beraren izaera ere. Agerian utzi du elementu bi hauek prozesu politikoan gatazka gainditzera baino Euskal Herriaren kontrako zapalketa eta lotura betiko ezartze aldera dihardutela.

2000. urteko gertaera

Endikari leporatzen dioten gertakariak 2000ko ekainaren 24an Agurainen (Araba) jazo ziren, ezezagun batzuek banketxe batzuen kutxa automatikoen kontra egun horretan egindako erasoak hain zuen. Ertzaintzak lau urte beranduago esan zuen Endikaren ADN aztarnak zituen arroparen bat topatu zutela gertakarien inguruan, eta horretan bakarrik oinarritu da epaiketa guztia. Gogoratu behar da Endika izan dela akusatu bakarra epaiketan.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak behin eta berriro salatu du Ertzaintzak inongo berme juridikorik gabe aurkezten dituen ustezko ADN frogak. Izan ere, metodo hori erabiltzen ari da azken aldian nahi duten gazteei kale erasoak leporatzeko, polizia zientifiko gisa agertu eta “froga” garbi eta ukaezinak direlakoan gainera. Baina polizia honen jokabide eta jazarpen politikoak kontutan hartuta esan behar da inongo berme judizialik gabeko ustezko ADN froga horiek ez dutela ezer frogatzen eta frogarik gabe ezin dela gazte bat kondenatu, eta are gutxiago bizitza osorako, kasu honetan bezala.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun