Euskal jai giroko asteburua biziko du Sopelak etzi eta etzidamu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 8a, 21:41

Sopelak bere Euskal Jaiak ospatuko ditu asteburu honetan, irailak 10 eta 11an, ekitaldiz betetako egitarauak horrela bideratuta. Ekimen garrantzitsuenen artean nekazaritza azoka, pintura lehiaketa, pailazoak, sukalkia eta sagardo festa egongo dira. Tartean trikitrilariak, bertsolariak eta dantzariek giroa berotuko dute eta Oskorri eta Kukubiltxok "Doctor Do Re Mi eta Benedizebra" bere azken lana eskainiko diete Sopelako gaztetxo zein ez hain gaztetxoei.

Larunbatean goiz osoan zehar pintura lehiaketa izango da, Zirri-Marra elkartearen eskutik. Goizean ere, 10:00etatik aurrera, nekazaritza azoka hasiko da eta bertan lurrak eta abereek ematen dituzten jaki gozoak eta etxerako baliogarriak diren tresneriak eta apaingarriak ikusi eta erosteko aukera izango da. Beranduago, bazkal ordura hurbilduz, gazta, barazki, lorak eta fruta txapelketaren sari banaketa berezia egingo da. Ordu erdi geroago, 13:30ean, Uribe-Bazterra Bandaren kontzertua izango da entzungai udaletxeko plazan.

Arratsaldean, 17:00ak aldera, umeek gozatu ahal izango dute herriko plazan jarriko diren puzgarri eta tailerrekin. Noizbait aspertuko direlakoan edo, leku berean 20:00etan umeentzako animazioa eskainiko du "Patxin eta Potxin" taldeak. Gaueko 22,00etan hasiko den "Korrontzi" taldearen ikuskuzinak bukaera emango dio egunari.

Igandean txotx

Igandea gastronomiaren eguna izango da, goiz eta arratsaldean "Fermin eta Eusebio" Sukalki txapelketa gastronomiko berezia izango baita, trikitrixaren doinuek alaitua. Dantzak ere bere esparrua izango du eta horrela Itxartu taldeak euskal dantzen alardea egingo du plazan eguerdian. Ordu bat beranduago sukalki txapelketaren sari banaketa izango da eta jarraian sagardo festa hasiko da, antzina bezala bertsolariek eta trikitrixak girotuta.

Euskal jaiei bukaera emateko, igandeko arratsaldean, 18,00etan hain zuen ere, "Doctor Do Re Mi eta Benedizebra", Oskorri eta Kukubiltxoren ikuskizun berria, gozatu ahal izango dute Sopelako plazan ume, gazte, zein edadetuek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun