Getxoko udaltzainen aferan "negoziazioak egon badaude", Zarraoaren hitzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 8a, 22:58

Getxoko udaltzainek apiril erdialdetik hona bizi duten lan-gatazka konpondu ahal izateko, udal agintariek "negoziatzeko inolako asmorik ez" dutela adierazi dute, behin eta berriro, ELA, CSI-CSIF, UGT, CCOO eta SVP sindikatuek. Atzo, ordea, salaketa horiek gezurtatu zituen Iñaki Zarraoa alkateak, kazetarien galderei erantzunez. "Negoziazioak egon badaude", aipatu zuen udal agintariak, "duela bi hilabetetik hona" bi eztabaida-leku badirela zehaztuz: "bata Euskadiko Toki eta Foru Administrazioko Langileen Enplegu Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren gainekoa eta bestea Getxoko Udalean sortutako arazo zehatzak jorratzen dituen Negoziazio Mahai Orokorra". Ildo horretan, negoziazioak "udaltzainen lan-baldintzez gain, gainontzeko funtzionarienak ere" beregain hartu behar dituela adierazi du berriz Zarraoak. Hala ere, polizi-agenteen eskaerak "gehienbat diru kontuak" direla dio alkateak. (Argazkian, Ereagako igogailua inauguratu zen egun berean egindako protesta).

Euskadiko Toki eta Foru Administrazioko Langileen Enplegu Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren gaineko eztabaida-lekuari dagokionez, horretan, alderdi politikoen eta sindikatuen parte hartzea "zabala" dela adierazi du Zarraoak: "Eudel osatzen duten herrietan alkatetzaren bat duten talde guztiak ordezkatuta daude bertan; EAJ, EA, PP eta PSE-EE, alegia. Baita CCOO, UGT eta LAB ere. Eta ELAk utzi egin zuen" Bertan, EAEko funtzionari guztien lan-baldintzak eztabaidatzen ari dira, "baita udaltzainena ere", eta "laster emango ditu fruituak", udal agintariak aipatu duenez.

Getxoko Udaleko Negoziazio Mahai Orokorrari buruz, berriz, bertan Bigarren Mailako Jarduerarako Araudia, Trebakuntzarako Araudia eta Lanpostuen Balorazioaren inguruan hitzegiten ari direla jakinarazi du Zarraoak. Aurreratu duenez, azken horren inguruan "proposamen bat jorratzen ari gara eta irail amaieran emango dugu ezagutzera".

Hainbat gai negoziaezinak

Besteak beste, janzkera eurek zehaztu dezatela onartu den arren, hainbat gai "negoziaezinak" direla adierazi zaie, aipatu mahaian, udaltzainen ordezkariei: "alde batetik, 2001ean egondako negoziazioetan lortutako hainbat akordio ezin direlako lau urte geroago kolokan jarri. Eta bestetik, sindikatu horiek ez direlako udaltzainen ordezkari bakarrik; funtzionari guztiena baizik", Zarraoak azaldu duenez.


Gaiaren inguruko berriak:

Disziplinazko espedienteak "neurrigabe" ezartzea egotzi diote Zarraoari Getxoko udaltzainek (2005 Abu 30)

Disziplinazko espedientea ezarriko diete Getxoko 63 udaltzaini (2005 Uzt 19)

Getxoko udaltzainen aferan, "larderiaz" eta "amorerik eman nahi izan gabe" jokatzea egotzi dio Zarraoari ELAk (2005 Uzt 01)

Udaltzaingoaren gatazka dela eta eztabaidan sartu dira Izaronews eta Getxoko alkatea (2005 Eka 17)

Espediente informatiboa ezarriko diete Getxoko hainbat udaltzainei (2005 Eka 08)

Asteazken honetan ekingo diete berriro protestaldiei Getxoko udaltzainek (2005 Eka 07)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun