Europako Mugikortasunaren Astearekin bat egin du Berangok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 13a, 21:58

Aurtengo Mugikortasunaren Astea ospatzeko, “Clever Commuting” (lanera joateko orduan burutsua izan) hartu dute lelotzat Europar Batasun osorako. Horren harira, irailaren 16tik 22ra bitartean, hainbat ekitaldi antolatu ditu Berangoko Udalak. "Etxetik eskolara edo lanera joateko orduan, garraio alternatiboak (bizikleta, oinez joatea...) zein publikoak erabiltzea edota kotxea partekatzea bultzatzea da asmoa", udal iturriek jakinarazi dutenez.

Irailaren 16an, ostirala, joko "erraldoiak" egongo dira Berangoetako ludotekan, 17:00etatik 20:00etara. Hurrengo egunean, berriz, seme-alabekin bizikleta martxan parte hartzeko aukera izango dute aita-ama berangoztarrek. Berangoko Txirrindulari Elkarteak lagunduta, 16:30ean abiatuko da ibilaldia, Moreaga kaletik. Larunbaterako ere haurrentzako jaia antolatu dute eskoletan. Bertan, puzgarriak, hesi-zirkuitoa, garraio alternatiboaren gaineko ibilbidea eta kalean aurki daitezkeen oztopoak zer nolako arazoak ematen dituzten ezagutzeko hainbat ekintza egongo dira, besteak beste. Euria egiten badu, udal pilotalekuan ospatuko da.

Azkenik, irailaren 22rako, garraioa eta kutsadura gaitzat hartzen dituzten neska-mutilentzako hainbat tailer antolatu dira Berangoetako ludotekan, 17:00etatik aurrera.

Creditrans-a txikientzat

Beste alde batetik, 2 euroko Creditrans txartela jasoko dute Gaxt klubeko kide diren haurrek, "txikien artean garraio publikoa bultzatzeko asmoz", udal arduradunek azaldu dutenez. Horiek Berangoetako kultur etxean jaso ahal izango dira, klubeko txartela aurkeztuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun