Enrique Bosquek azaldu duenez, "Biotz Alai plazako girotze berezi horrekin, bisitariek Erdi Aroko egun arrunta zein zen ezagutzeko aukera izango dute, hau da, egunero burutzen ziren jarduera guztien prozesuak ezagutzeko. Amaierako produktuak lortzeko, lehengaiak eskuratzeko erabiltzen zituzten etxeko abereak nola zaintzen ziren ere ikusi ahal izango da". Aipatu produktuak bisitarientzako salgai izango dituzte herrixkako bizilagunek, Getxoko Kultur Etxeko arduradunak aipatutakoaren arabera. Gainera, garaiko pertsonai tipikoen eta ikusleen arteko "elkar-eragiketa etengabea" izango da, udal arduradunaren hitzetan, "ehungileen hariak ehuntzeko, edo errementari, hargin edo espartzugileari laguntzeko aukera izango dutelako bisitariek. Baita garaiko gizonezko eta emakumezkoen atazak zeintzuk ziren tokian bertan ikusteko ere".
Kale animazioa eta artisau-produktuak
Gaurko aurkezpenean Getxoko Erdi Aroko Azokako bi alderdi goraipatu ditu Enrike Bosquek, hain zuzen ere, "jendeak berak aintzat hartzen dituelako". Kale animazioari dagokionez, orduko pertsonaia ugari ibiliko da inguruan, aktoreek antzeztuta: bufoiak, malabaristak, koplariak, musikariak, magoak, kontalari itsua eta itsumutila, eskaleak, komedianteak, soldaduak, fakirrak... Hainbat antzezpen egingo dituzte horiek, orduko azoketan zegoen giroa eta eguneroko gertaerak erakutsiz. Kale-plazak modu berezian apainduko dira azoka egiteko.
Artisauei buruz, berriz, 70 postu baino gehiago egongo direla zehaztu du kultur arduradunak. Zapata, jostailuak, oinetakoak zein larru, espartzu, argizari, zur, urre eta beste hainbat gairekin egindako produktuak erosi ez ezik, artisauak lekuan bertan lanean ikusteko aukera ere edukiko dute bertara hurbiltzen direnek. Izan ere, Bosquek adierazi duenez, "produktuetan ez ezik, horiek egiten dituzten eskuetan ere bilatu ohi dugu kalitatea". Horretaz gain, herri sukaldaritzak ere bere lekua izango du, bisitariek sabela bete dezaten.
Garraio publikoa
Beste alde batetik, azokara joateko, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du Enrique Bosquek. Batez ere, igandean, Kotxerik Gabeko Eguna ospatzen delako. Izan ere, "urtetik urtera gero eta inguruko herrietako jende gehiago etortzen da Getxoko Erdi Aroko Azokara; igaz 50.000 lagun inguru batu ziren, hiru egunetan, Algortan. Gainera, metro geltokia azokatik oso hurbil dago", gaineratu du kultur arduradunak.