Bihar, 18:00etatik 21:00etara, pista bat prestatuko dute Areetako Xake plazan, eta bizikleta, patinak eta trizikloak utziko dizkiete parte hartu nahi duten guztiei, ibilbidean zehar egongo diren oztopoak gaindi ditzaten. Larunbatean, berriz, bide heziketa tailerra (trafiko seinaleak, garrai publiko ezberdinak...) egingo dute, Algortako Telletxe plazan, 8 eta 12 urte arteko umeentzat, 18:00etatik 21:00etara. Izan ere, gehienbat, txikienak sentsibilizatzea da kanpaina honen helburua. Fernando Burzako Ingurugiro zinegotziak nabarmendu duenez, “neska-mutilak kontzientziatu behar ditugu, adin horrekin ingurumenaren gainekoak ikasteko erraztasuna dutelako. Horrela, etorkizunean, ingurumenarekiko egokiagoak diren arauak beteko dituzte”.
Bi egun autorik gabe
Irailaren 18a eta 22a, Autorik Gabeko Egunak izendatu dituzte. Egun horietan, Algortako eta Areetako erdigunean aparkatzea eta kotxeak ibiltzea galaraziko da, 8:00ak eta 20:00ak bitartean, Areeta eta Algortako herriguneetan. Hain zuzen ere, Algortako Etorbidea, Telletxe, Juan Bautista Zabala, Torrene, Amesti, Andikoetxe eta Andres Kortina kaleak itxiko dira Algortan; eta Kale Nagusia, Negubide, Aramendi, Zalama, Bidebarrieta, Bidearte, Santa Ana, Adiskidetasuna eta Jolastokieta, Areetan. Ildo horretan, autoak kentzeko beharra azpimarratu dute udal arduradunek, horrela ez egitekotan, garabiak eramango dituelako. Hain zuzen ere, 10:00ak arte baino ezin izango da zamalanak egin eta kale horietan dauden garajeetatik autoak atera. Honi dagokionez, Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "udal agintariak jabetu gara honez gero neurri hauek guztiek hiritar zenbaitengan eragozpenak sor ditzaketela, baina jakin badakigu ere gero eta gutxiago direla hauekin bat ez datozen herritarrak, argi dagoelako neurri hauek behar beharrezkoak direla gure ingurumena babesteko". Garraio publikoaren (metroa eta autobusak) erabilera ere bultzatu nahi dute egun hauetan.
Igandean, kaleak autoentzat ixteaz gain, bizikleta osteratxoa prestatu dute, Areetako Xake plazatik 12:00etan abiatuta. Bertan eta Algortako Telletxe plazan jarduera ugari egongo dira egun osoan zehar: Areetan, paseoa eta patinatzeko eskola, ping-pong, minni-basket, bizikleten mailegua, xakea, puzgarriak, globo gaineko paseoa... Eta Algortan, poneyak, puzgarriak, bizikleten mailegua, ping-pong... Bestalde, txu-txu trenak lotuko ditu herrigune biak.
Astelehenean, 2x2 metroko panel bat jarriko dute Areetako Xake plazan, herriko kaleetako bizimodua islatzen duena. Panela osatu gabe egongo da eta umeek bete beharko dute, 18:00etatik 21:00etara bitartean, pertsonekin, garraiobide publikoekin, trafiko sinaleekin... euren ideiak eta irudimena erabiliz. "Ametsezko Getxo" irudikatu nahi dute horrela, udal arduradunek adierazi dutenez. Hurrengo egunean, berriz, garraio bideragarria hartuko dute gaitzat. Euskadi Fundazioko adituek bizikletari eta bideko segurtasunari buruzko hitzaldia emango dute Algortako kultur etxean, batez ere gazteei eta umeei zuzendurik.
Konpromisoa
Irailaren 21ean, asteazkena, Algortan eta Areetan 10.000 informazio orri banatuko zaizkie auto gidariei, hurrengo egunean kotxea ez erabiltzeko konpromisoa hartzeko eskatuz. Laneguna izanik, lanera joateko garraiobide publikoak edo bizikleta bezalako garraio alternatiboak erabiltzeko eskatuko zaie, eta autoa ezinbestean erabili behar badute, udal webgunean atal berezia jarri dute autoa beste lagun batzuekin partekatzeko: www.getxo.net/cas/medio/pags/sincoche/comparte.htm Egun horretan bertan mural bat apaintzeko aukera izango dute umeek, 18:00etatik 21:00etara bitartean, Algortako Telletxe plazan, kanpainaren leloa kontutan harturik.
Azkenik, irailaren 18an bezala 22an ere hainbat kale moztuko dituzte Algorta eta Areeta erdigunean, egun osoan zehar. Izan ere, ostegun horretan bertan ospatzen da nazioarte mailan Autorik Gabeko Eguna. Horretaz gain, Areetan eta Algortan, mahai jokoak egongo dira goizean. Arratsaldean, berriz, Txu-txu trenak lotuta ditu auzo biak eta, irristaketa eskola, ping-pong, puzgarriak, eskulan eta zirku tailerrak, bizikleta mailegua, arku tiroa eta txikientzako saskibaloia egongo dira, besteak beste.