Errepresioa borrokatuz Uribe Kostako gazteria martxan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 16a, 16:24

Bihar, irailak 17, larunbata, Uribe Kosta eskualdeko herri desberdinak zeharkatuko dituen martxa bat egingo du Segi gazte erakundeak. Honen xede nagusiena, eskualdeko gazteok urteotan pairatzen ari garen errepresioa salatzea izango da. Okupazio, kale borroka, antolatzea edo biltzearen salaketapean, kolore guztietako polizia eta epaileek eskualde honetarako prestatua duten erasoaldi errepresiboa martxan da aspalditik. Gaur egungo egoera larria da; 40 gazte baino gehiago aitzakia ugari erabilita inputatuak, 35 urtetako kartzela zigorrak, 31.000 euroko isunak eta fidantzak, eta 250 urtetako zigor eskaerak. Gazte asko torturatuak eta frogarik gabe ziegetan sartuak gero kaleratuak izateko; gazte preso guztiak sakabatuak eta aske gauden gazteon aurkako mehatxuak, jipoiak, kriminalizazio eta jazarpen poliziala...

Ez dago zalantzarik gazteok, kolektibo bezala, errepresioaren jo-puntuan gaudela, gazte izate hutsagatik. Baina, arlo guztietan ematen den errepresio fisiko zein psikologiko hori areagotu egiten da, zeharo, antolakuntza eta borroka iraultzailea aurrera eramateko hautua egiten dugunontzat. Sistemak, bere makinaria osoa erabiliko du eskubideetan oinarritutako bestelako etorkizuna planteatzeko gai diren kolektibo ororen aurka. Hala ere, sistemaren logika sinple horrek, kikildu baino, indarra ematen digu gazteoi; bide zuzenetik goazela erakusten baitigulako.

Horregatik, martxa osoa, gure proiektuaren isla izango da. Euskal Herriko naturarekin bat egiteko, espekulazioa salatzeko, okupazioa eta lokal autogestionatuak aldarrikatzeko, bizi-eredu askatzaileak praktikan jartzeko... Finean, sistemak arlo guztietan eragiten duen errepresioari aurre egiteko, gazteon erantzun bateratua jarri behar dugu abian. Alarma pizteko balioko digu ere bai, irailetik aurrera Bizkaian hasiko diren epaiketak salatzeko deia luzatuko baitugu. Ezin dugu utzi gazteon aurkako errepresio bide bakar bat ere erantzunik eman gabe. Antolakuntzan eta borrokan oinarritutako erantzuna, alegia.

Hau guztiagatik, dei egiten diegu gazte guztiei 17ko martxan parte hartzeko. Asko garela ikus dezatela, biltzeko gai bagarela eta etsiko ez dugula.

Egitaraua:

10:00
Harrera eta irteera Sopelako udaletxe plazatik. Larrabasterrara jaitsiko gara eta kostatik habiatuko gara.

12:30
Arrigunaga (Hondartza).
- Hitzaldia: “Errepresioaren aurpegi ezberdinak”.
- Bainua hartzeko aukera.

14:00
Irteera Algortara.

14:30
Bazkaria (Telletxe plazan, Algortan).
Entsalada + solomoa piperrekin + postrea (5 euro).

16:00
Jolasak.

17:30
Irteera Itzubaltzeta / Erromora.
Algortako Portu Zaharretik abiatu Bizkaiko Zubiraino eta gero Areetako kaleak zeharkatu.

19:30
Ekitaldia (Xake enparantzan, Itzubaltzeta / Erromon).

20:30
Jaialdia (Itzubaltzeta gaztetxean, Itzubaltzeta / Erromon).
- Sagardolé musika taldea.
- Karaoke herritarra.
- Musika dantza egiteko.

Oharrak:

- Bide gehiena asfaltotik egingo da eta bide erraza da.
- Bidean iturriak dauden arren, ura eramatea komenigarria da.
- Eguraldi ona egiten badu (eguzkitsua), eguzkirako krema, txanoa eta toaila ekartzea komenigarria da.
- Eguraldi txarra egiten badu (euritsua), txubaskeroa edo aterkia ekartzea komenigarria da.


Uribe Kostako Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun