Oso nabariak izan dira udal kiroldegietako tasa igoerak (Fadura eta Gobela), %10 2005an eta tasa berri bat igerilekuetara sartzeko, eta estolderia eta zarama tasen igoerak. Estolderia tasa %7 igo da aurten eta zarama tasa %30 iaz eta %86, udal batzarrak otsailean onartuta, Getxoko zabortegia ixten denerako.
Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok zerbitzu publikoen izaera soziala indartzeko kudeaketa arduratsua exijitzen dugu. Getxoko herritarren artean sinadurak biltzeari ekin diogunetik, 4.271 dira jadanik zarama tasari ezarri zaion %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko ezarri den euro bateko tasa berria bertan behera utzi daitezela exijitzen duten getxoztarrak.
Iraileko udal batzarra
Sinadura bilketaren eskaera zehatzak onartu eta iraileko udal batzarrean bertan eskaera hauek gauzatzeko tarte egokia badutela esan nahi diegu udal gobernuari, udal talde politiko guztiei eta Getxoko alkateari.
Aldi berean, Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok hiri hondakinetarako irtenbide garbia nahi dugu. Ez dugu onartzen erraustea beste aukerarik ez dagoela esaten digutenen amarrua, eta kontsumo arduratsuan, bilketa selektiboan eta birziklapenean oinarritzen diren alternatibak aldarrikatzen ditugu. Beira, papera eta denetariko ontziak berrerabili eta birziklatzearekin batera, materia organikoa naturaren ziklora bueltatzeko bitartekoak jorratu behar dira. Berez udal ardura dena Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi gabe, Getxon egitea posible da.
Udal batzarra izan arte, datozen bi asteotan sinadurak biltzen jarraituko dugu eta herritar guztiei bilketan parte hartzeko eskatzen diegu, oraindik sinatu ez dutenei euren sinadura emanez, eta sinadura orrian izena jadanik eman dutenei, lagun eta ezagunei sinadura bilketaren berri emanez.
Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok
e-posta: %86?@euskalerria.org