Gaurtik aurrera eta hileko 30era arte, Plentzia-Mungia inguruko kultur ondarearen erakusketaz gozatzeko aukera izango dute gorliztarrek. Bizkaiko Foru Aldundia eta Plentzia, Gorliz, Bakio, Gatika, Arrieta eta Mungiako udalek iragan den uztailaren 26an martxan jarritako erakusketa ibiltari honetan, hainbat eraikin eta bazterren argazkiak eta panelak ikus daitezke udal erakusketa aretoan (argazkian). Besteak beste, Plentziako udaletxea eta Santa Maria Magdalena eliza, Sopela eta Berango arteko Munarrikolandako trikuharri ibilbidea, Gorlizko itsas erietxea, Lemoizko Andra Mari eliza, Gatikako Butroe gaztelua eta Bakioko Hormaza jauregia. Era berean, datorren irailaren 29an Maria Jose Torrecilla historiagileak inguruko ondare historikoari buruzko hitzaldia emango du Gorlizko erakusketa aretoan bertan. Berriz, Plentziak azaroan hartuko du erakusketa, 16tik 30era, hain zuzen ere.