Bihar ere udal tasen "gehiegizko" igoeren aurkako sinadurak batuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 16a, 21:33

Asteburu osoan Algortan Erdi Aroko Azoka ospatzen dela aprobetxatuz, bihar goizean ere udal tasen gehiegizko igoeren kontrako sinadurak biltzeko mahaia egongo da San Nikolas plazan. Dagoeneko 4.271 getxoztarrek izenpetu dute “zarama tasari ezarri zaion %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko ezarri den euro bateko tasa berria bertan behera utzi daitezela exijitzeko" eskaera orria. Hain zuzen ere, hori egiaztatzen duten sinadurak aurkeztu dituzte udal erregistroan, gaur goizean, Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimeneko kideek. Horietako batek, Christian Reinickek, udaletxera sartu baino lehenago adierazi duenez, kanpainari amaiera emateko data zehatzik ez dute jarri eta, gutxienez, iraileko udal batzarrera arte (hilak 30) luzatuko da.

Sinadura bilketaren aurrean, jendeak izandako jarrera "oso positibotzat" jo du Reinickek. "Gurea bezalako baliabide eskaseko herri ekimenei oso zaila egiten zaie herritarrengana heltzea. Hala ere, getxoztarrek ondo hartu dute mezua eta, hasieran sinaduren jarioa motela zen arren, azken asteotan, handitu baino, biderkatu egin dira atxikimenduak", azaldu du. Udalerriko merkatariek emandako laguntza ere "ezinbestekotzat" jo du Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok taldeko kideak. Izan ere, hilabete hauetan, asko izan dira sinadura bilketa kanpaina berea egin duten dendari eta tabernariak. Kanpoaldean daukaten kartel horia da saltoki horien bereizgarria.

Getxoko Udal Batzarrari

Udal Tasen Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimeneko kideek sinadurekin batera udal erregistroan aurkeztutako idatzian, "sinadura bilketaren aldarrikapen zehatzak hurrengo udal batzarrean gauzatzeko" eskaera egiten diete udal talde politiko guztiei eta Iñaki Zarraoa Getxoko alkateari.

Aldi berean, "Getxoko Udalak aho batez onartua duen Aalborgeko Kartan jasangarritasunaren helburua lortzeko herritarren parte hartzeari ematen zaion garrantzia gogora ekarriz"; bai udal tasak, bai hiri hondakin solidoak aztergai diren udal eztabaida guneetan parte hartzeko eskaera egiten dute.

Azkenik, "milaka herritarren nahiak erantzun baikorra" izango duten esperantzaz agurtzen dira.


Gaiaren inguruko berriak:

Tasa igoera lotsagarrien aurkako 4.271 sinadura aurkeztu dira jada
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun