Ikurrinak, eskualdeko presoen argazkiak, Igeltserako eta beste kolektiboetako elastiko gorri anitz eta, batez ere, Segiko zapi berdeak eramaten, bidea egin dute gazteek Sopelatik Getxoko Aixerrotaraino. Bertan, 12:45ak aldera, pankarta erraldoia jarri dute, inguruko hondartzetatik aise ikusteko moduan: "Gazte borrokaz, independentzia eta sozialismoa".
Okupazioa
Ondoren, eta egitarauaren ordutegia gainduta, Arrigunagaren ondoan errepresioa jasan duten bost lagunek gazteriak pairatzen duen "jazarpena" azaltzeari ekin diote. Horrela, Itzubaltzetako gaztetxeko kide batek 2004ko irailaren 27an jasotako desalojoaren haritik zazpi pertsona daudela auziperatuta azaldu du, baina horietaz aparte "guztiok gaude jomugan" eta hori irudikatzeko 18/98 "makrosumarioa" gogoratu du. Gaztetxeko kideak jakinarazi duenez, desobedientzia eta istilu karguak dira Itzubaltzetako sumarioan leporatzen direnak, baina, oraingoz, prozesua geldirik dago eta auziperatuak "itxaroteko fasean" daude.
Segi gazte erakundeak egindako lana goraipatu ostean, Itzubaltzetakoak azpimarratu du "gaztetxea hustu eta hiru egunetara okupatu zela hurrengo gaztetxea. Horrelako kolektibitateak behar dira, ezker abertzalekoak, anarkistak, ezkerrekoak, denak batuta, berdin da". Azkenik, "gaztetxeaz aparte etxebizitzaren arazoa ere hor dagoela" gogoratu du eta adibidetzat jarri du Balmasedako etxe okupatuen bizilagunek egun pairatzen duten problematika, haiekiko elkartasuna eskatuz.
Ardura politikoak leporatuz
Ondoren, 2001eko hauteskunde egunean, Carlos Iturgaitzen aurrean, Haikaren ilegalizazioa eta hogei bat kideren atxiloketa "Euskal gazteria aurrera!" leloko kartel batekin salatzeagatik zigortutako gazte batek hartu du hitza. Bere ustez, "Haikaren ilegalizazioa eta egun batzuetara zeuden hauteskundeak ezin ziren normalak izan eta erantzuleei beren ardura politikoa leporatu behar zitzaien". Era berean, salaketa horretan gertatutako istiluengatik sortutako sumarioaren "epaiketa faltsua" 2004ko irailaren 29an burutu zen, gazteak gogoratu duenez. Hiru gazteren prozesua fiskala eta defentsaren arteko akordio batekin bukatu zen, bakoitzarentzat 21 hilabeteko espetxe zigorra (bete behar izan ez dutena) eta 3.500 euroko isuna, "okerragorik ez jartzeko onartu behar izan genuen txantaia".
Bazterketa bikoitza
Iturgaitzen ingurukoak entzunda, emakume gazteen egoerari egokitu zaio txanda eta, urduritasuna dela medio, Algortako neska batek irakurri egin du esateko prest zeukana. Gauzak horrela, emakume gazteek esparru guztietan pairatzen duten bazterketa bikoitza eta bitartean sistemak saltzen duen ustezko parekidetasuna salatu ditu. Era berean, emakumearen askatasunarik gabe herri askatasunarik ez dagoela gogoratu du, emakumeen kontrako erasoekin bukatzeko beharra nabarmenduz.
Errepresioa eskoletan
Solasaldia aurrera zihoala, Leioako Barandiaran institutuko Ikasle Abertzaleak taldeko kide batek salatu ditu "ikasleok jasaten ditugun erasoak eta ditugun eskubideak", Euskal Ikasleon Eskubideen Kartan jasotzen direnak, hain zuzen, ukatzen dizkietela Euskal Herriko ikasle guztiei. Horrela, greba eskubidea edo biltzeko eskubidea eraso zuzen gisa ikusten badira ere, nabarmendu du Euskal Herriko curriculuma ikasteko edo ikasketak euskaraz burutzeko jartzen diren oztopoak aurrekoak bezain garrantzitsu eta salagarriak direla. Azkenik, Barandiaran jarri du Uribe Kostako eskola eta institutuetako egoeraren adibide: "kaleraketak, espedienteak eta mehatxuak egunerokoak dira".
Aiboa Casares: "errepresioa etsaiaren ezintasuna adierazten du"
Barandiarango ikasleak utzitako lekukoa hartu eta errepresioa nondik datorren kokatzeari ekin dio Aiboa Casares Segi erakundeko kide auziperatuak. Casaresen aburuz "etsaiaren ezintasuna adierazten du. Gurekin ezin dutenez, erreprimitzen gaituzte". Astrabuduarrak kartzelan emandako hiru urte luzeez edo "guztiok ezagutzen duzuen epaiketaz" jardun baino gehiago errepresio mota batzuk noiz sortu diren hausnartu nahiago izan du: "une jakin batean, Estatu espainiarrak fronte militarra erreprimitzetik ezker abertzale osoaren eta erakunde batzuen kontrako errepresio zabalera egiten du salto. Une hori ezker abertzalea nazio eraikuntzaren ofentsiba zabaltzen duenean ematen da"
Egoera horretan gazteek duten eragin handia nabarmendu du Casaresek. Izan ere, "epaiketen inguruan ikusi dugun zigor urteen beherakada nabarmena kalean egindako lan guztiaren ondorioz posible izan da". Horrelakoak bere ustez ez dira garaipen oso handiak izango, "baina garaipenak badira".
Azkenik, Segiko kide batek oroitu du arlo batzuk aipatu arren, gazteriaren kontrako errepresioa "orokorra eta etengabea" dela, nahiz eta une batzuetan Estatuak eraso zehatz batzuk gauzatu. Horrela aipatu du "kale borrokagatik dagoen errepresioa", eta adibidetzat hartu du Endika Lejarzegiren kasua. Lejarzegiri hilabete hasieran jakinarazi zioten 15 urteko zigorra ezarri dion epaia, proba bakartzat Ertzaintzak aurkeztutako ADN ustezko aztarnak hartzen dituena, nahiz eta horrelako kasu askotan proba horiek atzera bota izan diren.
Martxa jarraitzen du
Hitzaldia amaituta, Ertaroko azoka gurutzatu eta Telletxera abiatu dira gazteak, bertan herri bazkaria egiteko asmoz. Ondoren jolasak izango dira eta 17:30ean Portu Zaharretik jaitsi eta Bizkaiko zubia ikusi ostean, Areetako kaleetatik zehar egingo dute Xake plazara ailegatzeko, 19:30ak aldera. Ordu horretan, ekitaldi politikoa egingo dute, eta, ordu bat beranduago, jaialdia ospatuko dute Sagardole musika taldearekin eta karaoke herrikoiarekin Itzubaltzetako gaztetxean.