Oholtzatik “Segiren ilegalizazioaren antzutasuna begibistan utzi dugun bezala, gaurko egunean ere, errepresioaren zentzugabekeria azpimarratu nahi” izan du gazte erakundeak eta Segin antolatzeko eta borrokatzeko deia egiteaz gain, hainbat sektoretan ere lan egiteko eskatu du. Ekitaldia “Eusko gudariak” abestuz bukatu eta Itzubaltzeta gaztxetxera abiatu da jendea, bertan Sagardole musika taldeak eskainitako kontzertua ikustera. Ondoren, karaoke herrikoia eta gau luzeari aurre egin diete gazteek.
Segi erakundearen testua, hitzez hitz:
Gora euskal gazteria! Hasteko, Segik antolatutako martxa hau burutu dugun gazte guztioi zorionak eman nahiko nizueke. Ez martxa gogorra izan delako, baizik eta berriro ere erakutsi dugulako Uribe Kostako gazteria antolatzeko, batzeko eta elkarrekin ekimenak egiteko gai bagarelako.
Errepresioaren aurkako martxa bezala aurkeztu dugun hau, errepresioaren salaketa bera gainditzen duen martxa bat izan dela begibistan geratu da.
Egia da, azken urteotan, Uribe Kostako gazteok errepresioa jasaten ari garela era bortitz batean... Guztion ezagunak dira eskualde honetako datu latzgarriak, kartzela zigorrak, isunak, fidantzak, mehatxuak, jazarpen poliziala eta abar luze bat...
Baina ez dezagun pentsa egoera hau kasualidadearen ondorioa denik. Gazteok, urteotan egindako lanaren ondorioz, Estatuaren ezintasuna eta bizi garen sistema kapitalista-patriarkalaren noraezaren adierazlea baino ez da.
Badakigu, gazte izate hutsak bilakatzen gaituela errepresioaren jopuntua eta, justu, hori borrokatzeko antolatzen gara. Baina bizitzako alor guztietan antzematen den errepresio integral hori, beldurtu eta etsitu baino, beste zerbait erakutsi behar digu, hau da, gazteok, kolektibo bat izanda, guk ere, erantzun integrala eman behar dugula. Gure eskubideak borrokaren bitartez defendatuz eta aske bizitzeko hautua eginez.
Azken erreflexio honetatik abiatuta jarraituko dut. Zeren gaur egun eta Euskal Herriak bizi duen ziklo politikoari so eginez, inori ez zaio eskapatzen oraingoa ez dela errepresioaren garaia, baizik eta konponbidearen garaia. Guztiok apustu ausarta egin dugu bizi dugun gatazka politikoa konpontzeko, baina beti ere herri gisa ditugun eskubideen errespetuan oinarrituko den prozesu batean.
Eta Segi gazte erakundeak argi eta garbi azaltzen du estatu frantses eta espainiarrarekin dugun gatazkan aurrerapausu sendoak emateko konpromezua. Baina era berean, jakin dezatela ez dugula iruzurrik onartuko. Gazteria beti izan da askapen prozesu zein eraldaketa sozialen motorea, eta jarraituko du izaten.
Horregatik, Segiren ilegalizazioaren antzutasuna begibistan utzi dugun bezala, gaurko egunean ere, errepresioaren zentzugabekeria azpimarratu nahi izan dugu. Errepresioa egon arren, gazteriak aurrera jarraituko du, Euskal Herria eraikitzeko asmoarekin arloz-arlo eta herriz-herri.
Beraz, bukatzeko, apaltasun osoarekin, dealdi bat egin nahiko genuke hemen bilduta gauden gazte sektore desberdinei: ikasleak, antola gaitezen ikasle mugimenduan; langileak, antola gaitezen langile borrokan; emakumeak antola gaitezen borroka feministan; hau da, antolakuntza eta borrokak atzeraezina egingo dute garaipena eta Segin, antolatu eta borrokatzeko espazioa eta tresna izanda, batu gaitezen eta eraiki dezagun gaurko eta biharko Euskal Herria!