Orkatz Gallastegiren gutuna, hitzez hitz:
Aupa, zuek! Zelan? Hitz batzuk idazteko esan doztie ta, beno, nire asmoa inor aspertzea ez dan arren, txapa hau jasan beharko dozue. Ta zer esango datzuet? Ba, zuelako gazteon lana ta borroka beharrezkoa dala euskaldunontzat, beharrezkoa dala herriarentzako.
Urteetan ikusi da Euskal Herrian gazteriak euki dauen garrantzia, bere lan eta borroka sutsuak herriari emandako arnasa, beraren biziraupenaren euskarri sendo bihurtu arte. Eta hortan gauz, belaunaldiz belaunaldi, herriari bizia ematen eta gu geu beragaz batera askatzen.
Gazteriak garrantzia handia izan dau Euskal Herriaren historian, baina jabetu behar gara orainean be bai garrantzi bera izaten jarraitzen dauela; atzo beste gazte batzuek borrokatu eben lez herri honen biziraupenerako, gaur zuek zarie lekukoa hartu dozuenak, Euskal Herriari eta gazteriari bizia ematen darraiozuenak.
Argi dau gazteri konprometitu, borrokalari ta errebeldeak herri oso bati ta euskaldun bakoitzari egindako merezimenduzko ekarpena. Latza zan ta latza da gaur egun be bai, euskal gazte konprometitu, borrokalari ta errebeldea izatea. Egia da; baina egia da baita sufrimendu guzti horrek merezi izan dauela, eta gaur be merezi dauela, Euskal Herriaren etorkizunagaz batera gutariko / zuetariko bakoitzarena be jokoan dauelako. Konpromezu errebelde ta borrokalari horrek izen bat deko: lehen Jarrai ta gero Haika izan ziren bezala, gaur Segi da bere izena.
Segi da gaur egungo belaunaldi berriaren izena; Segi da etsi gabeko borroka luzearen katai berria; eta Segi da kate indartsu hori luzatuko dauena. Orain arte bezela, Euskal Herriaren eta, batez be, gazteria errebeldearen etsaiek gogor jo dabe kate horren aurka (adibide argiak doguz Jarrai eta Haikaren aurkako erasoak, zein ehunaka gazteren kontrako epaiketak), beraren garrantziaz jabetzen direlako; orain arte bezala, oztopo guztien gainetik, kate horrek aurrera jo dau eraso hauek antzutuz; eta oraindik aurrera ere, euskal gazteri errebeldeak, erasoen aurrean erantzunez eta katea etenik gabe luzatuz, lanean jarraitu behar dau.
Azkenaldian, Euskal Herriaren etorkizuna ahoz-aho dabil gure txokoetan ta baita etsaiarenetan ere. Badirudi konponbiderako oinarria euskaldunon, ta ondorioz gazteona baita, hitza izango dala; orduan bai, orduan konponketaz hitz egin ahalko da, soilik gure hitzaren errespetutik etorriko dalako irtenbidea. Gure hitza izango da, bai, konponbidea; batez ere gazteona, gu baigara etorkizuna.
Horregatik, guretzat bere biziko garrantzia deko gaurko egoerak, gu geuk ez beste inork erabaki behar baitogu gure etorkizuna. Ez dogu iruzurrik ezta sasi konponbiderik ere onartuko, argi baitugu Euskal Herriaren ta gutariko bakoitzaren askabidea gure hitzaren errespetua dela.
Bitartean, hitz politak soberan dauz; euskal gazteria errebeldeak erakutsi dau borrokarako grina ta indarra, baita konponbiderako beharra ere. Erakusten jarraitu behar dau, herriz-herri, institutuz-institutu, lantokiz-lantoki, mendirik-mendi eta egunetik-egunera. Beno, tropa, hemen amaituko dot, apur bat nekatuta egongo zarie ibilbideagatik. Beraz, ekin Itzubaltzeta gaztetxeraino. Parranda dau, ezta? Ba hori, jaia bai, borroka ere bai!
Gazteria errebelderik ez badau ez dauelako herririk... jarraitu borrokan! Geroa gurea da!
Orkatz Gallastegi,
Castellon, 2005eko irailaren 3an.