Gose grebalarien prentsa oharra
Epaiketen gainetik, borrokaz aske bizi!
2002ko otsailaren 2an, 16 gaztek hilabete baino gehiago iraun zuen gose grebari ekin genion, oso arrazoi sinple eta argi bati erantzutearren: euskal gazteriak bizi zuen eta egun bizi duen kriminalizazio, jazarpen, eraso eta errepresioari erantzun eta eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarrikapena, ekimen indartsu eta zorrotz baten bidez mahaigaineratzearren.
Testuinguru politiko zehatz baten aurrean aurkitzen ginen orain dela hiru urte, gose greba hasi genuenean: Euskal Herriak eta zehazki bere gazteriak egoera larria bizi zuenean hartutako neurri berezia izan zen gose greba moldea aukeratu izana. Haika gazte erakundea legez kanporatu zuen Estatu espainiarrak eta bere hainbat kide atxilotu eta kartzelaratu; gainera jaio berria aurkitzen zen Segi gazte erakundearekin ere berdina egingo zutenaren zantzu garbiak zeuden orduan. PP Alderdi faxista aurkitzen zen Gobernu espainolaren buru Euskal Herriaren eta bereziki euskal gazteriaren aurkako erasoaldi errepresibo integrala eskuartean zuelarik. Beren presiopean ezarri zuten gazte antolakundea Europako Batasuneko antolakunde terroristen zerrendetan. Salbuespen egoera ezarri zuen orduan PPk gure herrian, eta egun ere, esan beharra daukagu, Gobernu espainiarrean dagoen PSOE alderdiak soka berberetik tiraka jarraitzen duela. Izan ere, guk gose grebari ekin genion baldintza errepresiboek berean jarraitzen baitute.
Euskal gazteria antolatu eta bere eskubideen defentsan lanean, borrokan, aritzea kriminalizatu nahian bi gazte erakunde ilegalizatu ditu estatu espainolak, azken lau urteetan. Gose greba abiatu genuenean, Estatu espainiarrak ofentsiba integrala abiatu zuen Euskal Herria eta euskal herritarren aurka, eta testuinguru horretan kokatu behar da, esan bezala, euskal gazteriak urte horietan bizi izandako egoera. Baina egoera ez da aldatu. Euskal gazteriak, kriminalizazio eta errepresio estrategiaren jopuntuan jarraitzen du. Eta orain ez bakarrik Estatu espainiarraren iniziatibaz, Estatu frantzesa ere bere fitxak mugitzen hasi da, euroaginduak aplikatuz eta euskal herritarren entregak biderkatuz. Aurten ikusi dugu nola Jarrai/Haika/Segi auzia delakoaren partaide zuzen nola bilakatu den hainbat euskal gazte atxilotuz eta Estatu espainiarraren esku utziaz.
Eta aurten Estatu espainiarreko Auzitegi Berezian burutu den epaiketa horretan frogatua gelditu da, ez zirela gazte erakundeak soilik epaitzen ari, baizik eta antolatzeko eskubidea eta gazteon eskubideen alde aritzea ari zirela epaitzen, horrela Euskal Herriko gazteriaren aurkako epaiketa bat burutu nahi izanik. Epaiketa horren testuinguruan argi baino argiago gelditu da, ez dagoela ez epaitegi, ez Estatu, ezta inolako aparaturik euskal gazteriaren antolatzeko eskubidea eta eraldaketa grina eta borrokarekin amaituko duenik. Euskal gazteriak badakielako bereak diren eskubideen alde diharduela borrokan.
Hiru urte geroago ere objektiboki esan dezakegu egoera ez dela inondik inora aldatu, are gehiago okerrera egin duela ere esan dezakegu. Neurri errepresiboak biderkatzearekin batera, gazte oro aurkitzen da estatuen errepresio estrategiaren jopuntuan. Orain gazte antolakundeak ez omen dira "terroristak"; hori esan dute gure herrian inolako zilegitasunik ez duten epaile espainiar batzuek, baina hala ere, Euskal Herriko gazteri zabal bat kriminalizaturik eta euren eskubide zibil eta politikoak goitik behera urratuak, zanpatuak dituzte. Eskubide zibil eta politikoen defentsa aldarrikatzeko burutu genuen duela ia hiru urte gose greba mugagabea, eta gaur egun ere, egoera bere horretan mantentzen denean, erabaki hura hartzera bultzatu gintuzten arrazoiak berresten ditugu gaurkoan ere.
Zentzu horretan, Zapateroren gobernuari interpelazio zuzena egin nahi diogu: noiz arte jarraituko dute euskal herritarrak eta bereziki gazteak, auzitegi berezietara eramaten, bizitza osorako kondenak ezartzen, azken finean, herri honetako belaunaldirik gazteenak gerrara kondenatzen? Guk egin genuen bezala, oro har euskal gazteriak hautu garbia du hartua: ondorengo gazte belaunaldiei bakean eta demokrazioan oinarrituriko etorkizun baten alde lanean jarraitzea. Eta egungo politikari eta sasi-abertzaleek zer nolako etorkizuna nahi diete utzi ondorengo belaunaldiei?
Prentsaurreko honen bitartez ere, euskal gazteriari dei egin nahiko genioke auzi fartsa eta sasi-epaiketa guztien aurrean geure eskubideen defentsan altxatu eta borrokatzen segitzeko. Horregatik dei egiten diogu, datorren irailaren 21ean goizeko 10:30ean, gure aurkako epaiketaren hasierarekin batera burutuko den kontzentraziora hurbiltzeko. Epaiketa eta prozesu guztien gainetik gazteok geure eskubideen defentsan lanean jarraituko dugula argi azaltzeko beste behin ere. Borrokaz aske bizitzeko hautua egin dugulako. Ta segi aurrera!
Auziperatuen zerrenda:
Naroa Jauregizuria (Leioa)
Idoia Iragorri (Sestao)
Endika Urresti (Lekeitio)
Julen Barainka (Lekeitio)
Leire Gonzalez (Trapaga)
Pello Etxeberria (Ordizia)
Igor Lopez (Zestoa)
Iñigo Albisu (Donosti)
Karlos Sobron (Gasteiz)
Iraitz Iparragirre (Lasarte)
Maider Goikoetxea (Gasteiz)
Eneko Ariztimuño (Hernani)
Unai Berrostegieta (Gasteiz) (espetxean)
Araitz Zubimendi (Hernani) (espetxean)
Gose greba burutu baina prozesu honetan barneratuak izan ez diren gazteak: Maite Aranalde (Ibarra) egun Fresnesko kartzelan eta Ekain Ormazabal (Donosti), gose greba burutu zuenean adin txikikoa zena.
Gose grebaren kronika
Gose greba hasi eta hiru egun beranduago ezagutuko zuten parte hartzen zuten 16 gazteek Segiren ilegalizazioa eta ondoren izandako lehenengo Segiko kideen atxiloketak. Otsailaren 7an, La Asuncion elizako erretorearen baimena zuten arren, Artzapezpikutzatik horrela eskatuta Espainiako Poliziak elizatik desalojatu zituen eta, behin behinean, Euskal Jai gaztetxean jarraitu zuten gose greba, Iruñea Dantza Taldeak lokal berotsuagoa eskaini arte.
Gose grebako hamaikagarren egunean, Batasunako hamar mahaikide batu ziren gazteen aldarrikapenekin, eta egun berean Ikasle Abertzaleak, Euskal Adarra, Nafarroako Gazteria Kontseilua, Duina, Itxi plataforma eta hainbat gaztetxe batu ziren haiekin balizko dinamika amankomuna aztertzeko. Otsailaren 13an, lehenengo baja izan zuten baina berdin jarraitu zuten Euskal Herriaren egoera errepresiboa Elkarri, Herria 2000 Eliza, Etxerat, Gernika Batzordea, AEK, Orreaga, Irati Kultur Taldea, UEMA, Kontseilua eta Sortzenekin hausnartzen. Bi egun beranduago, jakingo zuten kale erasoetan parte hartu zutelakoan 16 gazteren kontra abiatutako prozesu bertan behera utzi zuela Del Olmo epaileak. Bestalde, 18/98 sumarioan auziperatutako hainbat kideren babesa jaso zuten. Hurrengo egunean, gose grebalariak bertan egon zirela, milaka pertsona atera zen kalera Donostian "Utzi bakean Euskal Herria" lelopean. Ordu batzuk lehenago, Espainiako enbaxadak Berlin, Paris, La Haya eta Lisboan hainbat gazteren protestaldien lekuko izan ziren, eta berdin gertatu zen Frantziak Bruselasen duen enbaxadarekin. Guztira, hamar lagun atxilotu zituzten.
Otsailaren 18an, gose grebalariekin bat zirela, itxialdia abiatu zuten Ibaetako magisteritza eskolan. Hurrengo egunean, gose grebalarien aldeko protestak kolpeka desegin zituen Ertzaintzak Santutxun, Boluetan eta Durangon. 22an, Jarrai eta Haikako 27 kide auziperatu zituen Garzonek. Gose greba bukatuta, martxoaren hasieran Bruselarako bidaia egin zuen Segik, bertan "euskal gazteriak jasaten duen salbuespen egoeraren" salaketa egiteko.