Erdi Aroko Azokak 50.000 pertsona bildu ditu Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 20a, 13:44

Iragan den asteburuan Algortan ospatutako Erdi Aroko Azokaren laugarren edizioa 50.000 pertsonek bisitatu dute Getxoko Kultur Etxeak egindako kalkuluen arabera. Hiru egunetan zehar, hots, ostiraletik igandera bitartean, malabaristak, titiriteroak, tailerrak eta beste hainbat ekintza izan dira azokaren gune ezberdinetan. Gainera, azoka arabiarra, auzo sefardia eta zonalde kristaua ere izan dira, Erdi Aroko herrixka batez gain. Azokak 70 saltoki bildu ditu Basagoiti Etorbidean eta Tellagorri, Tangora, Getxo Antzokia, Biotz-Alai, Kasino eta San Nikolas plazetan zehar, lurrinak, gozoki arabiarrak, hestebeteak, okintza tradizionala, ehungintza, urregintza, tailugintza, zapatagintza eta larrugintzako produktuak eskainiz.

Azokak "getxotarrak eta kanpoko bisitariak erakartzeko gaitasuna" berretsi duela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, igande goizean, "sirimiriak ere ez zituen geldiarazi milaka familien planak". Azoka irekita egon den bitartean, txikienek ere izan zuten zeregina, antzerki eta musika emanaldiekin, eta zalditxoen karabanekin, falkoneriako erakustaldiekin edota arku-tiroarekin.

Bestalde, nagusiek auzo arabiarra bisitatu zuten bereziki, eta "gozoki arabiar guztiak agortu zituzten". Gainera, harria, kobrea, artilea, zeramika, papera eta larrua lantzeko teknika tradizionalak ezagutzeko aukera izan zuten, besteak beste.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun