Getxo Biziak Getxoko kai berriaren lanak gelditzea eta eztabaida zabaltzea eskatu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 20a, 14:36

Transatlantikoentzako kai berriko lanen berehalako gelditzea aldarrikatu, administrazio publikoak egin beharreko azterketa guztiak egin eta eztabaida zabaltzea exijitu du Getxo Bizia herri plataformak. Izan ere, kai hori Getxon egin ez zedin alegazioak aurkeztu zituen Getxo Biziak pasa den urteko abenduan. Alegazioak aurkeztearekin batera proiektuari buruzko informazioa eta zehazki ingurumen aldetik eginiko azterketei buruzko informazioa eskatu genuen. Bilboko Portu Agintaritzak eman digun erantzunaren bitartez jakin izan dugu, itsasoan 6.750 metro kuadroko azalerako betetze lanetarako ingurumen gaineko eragineko prozedura arauturik ez dela burutu.

Azken urteotan Abraren eraldaketa osoa ezagutzen ari gara, gero eta ur gutxiago, gero eta porlan gehiago. Bidaiari untzi transatlantikoentzako kai honen kasuan, Abrari egiten zaion eraso berria ganorazko alternatiba azterketarik gabe eta inguruan izaten ari den eragina aldez aurretik neurtu eta baloratu gabe burutzen ari da. Ibaizabalgo itsasadarrean kaiak kilometroka hutsik geratzen ari diren eta Abra kanpoaldeko portu berrian ere espazioa sobera dagoen honetan, justifikaezina da beste edonon moldaketa egoki baten bitartez kokatu zitekeen atrakerako azpiegitura berria egitea.

Uretan eragina

Itsas aldearen zementatzeak berez eragiten duen kalteaz gain, barne aldeko Abran uraren kalitatea nabarmenki kaltetzen ari da lanen bitartean. Ondoren ere, litekeena da zikinkeria are gehiago pilatzea Abra barne alde horretan, itsas zabalerako irteera gehiago estutzen ari delako. Zertan ari dira Getxoko Udaleko eta Jaurlaritzako Eusko Alkartasuna alderdiko ingurumen arduradun politikoak? Lanen inguru gaineko eragina aztertu eta azter araztea ez al da euren zeregin eta betebeharra? Ez al da euren betebeharra edozein azpiegitura lana burutu aurretik ingurugiroaren aldeko irizpideak mahai gainean jarri eta herritarrei ezagutaraztea?

Arduragabekeri berri honek diru publikoaz ordaintzen ari da eta 12,89 milioi euroko aurrekontua du. Behin baino gehiagotan azpimarratu denez, untzi hauetan datozen bidaiariek gastu gehien gehiena untzian bertan egiten dute eta ez portu inguruko herrietan. Jaurlaritzak azaldu beharko die herritarrei 12,89 milioi euroko gastua zertarako den.

Getxo eta turismoa

Getxon herritar gehien gehienek ez dute lan erraldoi berri hau begi onez ikusten, herritarrentzat eragin positiborik gabe, aisialdi gunearen gero eta degradazio handiagoa ematen ari delako, baita arrauna bezalako itsas kiroletarako ere. Agintariak Getxo eta turismoa elkar lotzearekin itsututa daude eta obsesio honek ez dio ezer onik ekartzen ez gure udalerriari, ezta inguruko herriei ere.

Hau guztiau are larriagoa da, kontuan hartzen badugu egiten ari den obra ez dela zerbitzu berri bat emateko, orain arte Santurtzin eskaini den zerbitzu bat emateko baizik. Klasismo nabarmenaren aitzakian (Ibarrezkerrera zamak, Uribe Kostara turistak) herriaren dirutza xahutzen eta gure ingurunea zapuzten ari dira. Berriz ere obra erraldoi hauen atzetik dagoena, eraikitze lanak berak batzuei uzten dien etekin ekonomikoa baino ez dagoela susmatzeko zantzuak daude: porlanaren kultura, alegia, diru publikoa pribatu bihurtu beharrezkoak ez diren obren bitartez.

Honengatik guztiagatik Getxo Bizia herri plataformak lanen berehalako gelditzea aldarrikatzen du eta administrazio publikoari egin beharreko azterketa guztiak egin eta eztabaidarako zabal ditzala exijitzen diogu!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun