EAJri "manipulazioa" leporatu eta Sopelako udal komunikabideak aztertuko duen batzordea eratzea eskatu du EBk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 20a, 22:01

Sopelako Ezker Batua-Berdeak taldeak udal aldizkarietan informazioa manipulatzea egotzi dio EAJk osatzen duen Udal Gobernuari. Izan ere, EB-Berdeak udal taldeak "Sopelana Gurea" aldizkariarekin batera TAOren aldeko txosten bat banatu izana salatu du "erabilera alderdikoia" delakoan. Horrelakorik ekiditzeko batzordea osatzea eskatu duten Miren Lopez, Javier Alvarez eta Jose Vicente Ojinaga (argazkian) Ezker Batuko zinegotziek zabaldutako prentsa oharraren arabera, txostenaren asmoa TAO ezarri izana defendatzea da "auzokide gehienok neurri hori baztertzen dugunean". Gainera, zinegotzien iritziz, aipatu txostenean Sopel Busa, Turismo Bulegora egindako bisiten kopurua edota polikiroldegiko erabilpena bezalako gaiak aurkezten dira "TAO abian jarri izanaren etekinak balira" bezala.

Era berean, txostenean Sopelak garapen jasangarria izateko TAO "ezinbestekotzat" aurkezten da. Aldiz, Ezker Batua-Berdeak taldearentzat garapen jasangarriaren eredua ez dira "auto pribatua erabiltzera behartzen duten hirigunetik gero eta urrunen dauden etxebizitza familiabakarrez osatutako luxuzko urbanizazioak" eta parking nahikorik daukaten dentsitate altuagoko herriguneko etxebizitzen aldeko hautua egiten dute.

Udal komunikabideak aztergai

Era berean, EBk baztertu du TAOk bertako merkataritza lagundu izana eta salmentak behera egin dutela argitu du. Horregatik guztiagatik, Ezker Batuak udal talde guztiek osatutako komisio berri bat eratzea eskatuko du. Lan batzorde horren zeregina udal komunikabideen jarraipena egitea izango da: aldizkariak, webguneak, publizitate-hesiak, eta abar. Sopelako EBk espero du batzordea martxan dagoenean "informazio egiazkoa, anitza eta baliogarria bermatu" egingo dela eta horrela EAJk ezin izango duela erabili udal komunikabideak "propaganda egiteko".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun