Barakaldoko Dorretxea gaztetxea okupatu dute berriz herriko gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 21a, 21:58

Barakaldoko gazteek gaur okupatu dute berriz ere Dorretxea gaztetxea. Zortzi inputatu, bost atxilotu eta bi zauritu jasan badituzte ere berriz gaztetxearekin datoz bueltan. Barakaldoko Gazte Asanbladaren hitzetan "Bi gaztetxe desaloja ditzakete edo mila baina ez dute Barakaldoko Gazte Asanbladak eraikitako euste harresia inondik inora erauntsi". (Argazkia: Gaztesarea).

Gaztesareak zabaldutako Barakaldoko Gazte Asanbladaren oharra, hitzez hitz:

Ez espekulatzaile mafiosoek, ez sistema kapitalistaren menera dauden epaileek, ezta PNVren polizia politikoak (aurpegia estalirik daramaten udaltzain salatarien laguntzaz), ez dute gazteon kontzientziak sortutako horma eraunsterik. Horma horrek sistema hiltzaile honen aurkako borroka irudikatzen du. Krimen perfektua burura eramateko gai den sistema. Krimenak kriminalen existentzia ohi dakar, baina kapitalismoaren kasuan indizeak baino ez dira existitzen: Dow Jones, Nikkei, Ibex-35 etab. Zaila dirudi indize bat gorrotatzea, ezta? Ba zailtasun honi beste bat gehitu beharrean gaude. Sistema hau, inon ere lekutua egon gabe, gure bizitzako alderdi orotan presente dago, aisialditik hasita biziraupenerako oinarrizkoak diren beharrizanetaraino. Baina gizakioz arduratu beharrean, merkantziez baino ez da arduratzen.

Hauek dira Barakaldoko Gazte Asanbladari Dorretxea Gaztetxea defendatzen eta okupatzen jarraitzera garamatzaten arrazoiak. Dorretxea herriko gazteek herriko gazteentzako sortutako espazio liberatua da. Eta hor datza biolentziaren monopolizatzaileen txotxongiloen gorrotoa eta, hala gaztetxe honen nola beste askoren aurka ekiteko erakusten duten bizkortasuna. Lehendabiziko desalojoaren ondorioz eman ziren zortzi inputatu, bost atxilotu eta bi zaurituen gainetik, eta bigarren desalojoan erabili zuten biolentzia faxistaren gainetik, Dorretxea okupatu dugu berriro. Askatasuna salerosiak baino haratago uler ez dezaketen horiek, gaztetxe bat desaloja dezakete. Bi gaztetxe desaloja ditzakete edo, beharbada, baita mila ere baina ezingo dute Barakaldoko Gazte Asanbladak eraikitako euste harresia inondik inora erauntsi. Harresi horren zimentarriak espekulazioaren aurkako borrokari, pobreziaren aurkakoari, lan prekarietatearen aurkakoari eta euskararen etsaien aurkakoari lotzen zaizkio, besteak beste. Iltzatuta duten arantza ez direlako Dorretxeako lau hormak, baizik eta euren atzean dauden imajinazioa eta errebeldia.

Azkenik eta bukatzeko, ez genuke ohar hau amaitzerik nahi gogorarazi gabe, Dorretxeako ateak zabalik direla, parez pare, bere ondar garaua eskain dezakeen ororentzat.

Barakaldoko Gazte Asanblada


Gaiaren inguruko berriak:

Bart izandako bigarren desalojoa salatzeko manifestazioa deitu dute Barakaldoko gazteek (2005 Ira 07)

Barakaldoko gazteek Dorretxea gaztetxea berreskuratu dute (2005 Ira 06)

Bost dira dagoeneko Barakaldoko gaztetxean atxilotutakoak (2005 Ira 02)

Barakaldoko gaztetxean eusten zuten gazteak eraman ditu Ertzaintzak (2005 Ira 02)

Ertzaintza Barakaldoko gaztetxea desalojatzen saiatu arren hiru pertsona daude dorre batean (2005 Ira 02)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun