Somarriba: "Zilar hau urrea bezalakoa da niretzat, ibilbidea ez zelako nire ezaugarrietara egokitzen"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 21a, 22:24

Joane Somarriba txirrindulari sopeloztarra "oso pozik" azaldu da Madrilen jokatzen ari den Munduko Txapelketako erlojuz kontrako lasterketan zilarrezko domina lortu ondoren. Izan ere, Somarribak aitortu du ez zuela espero lehenengo hiruren artean izatea, Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenen arabera. "Zilar hau urrea bezalakoa da niretzat, nire ezaugarrietara egokitzen ez zen zailtasun gutxiko ibilbide honetan espero ez nuen emaitza lortu dudalako", adierazi du. Lasterketaren ibilbideari dagokionez, txirrindulari sopeloztarrak esan du azkenean "pixka bat gogorra" izan dela, "jaitsieraren zatian garapen handia mugitu behar zelako".

Halaber, Somarribak deitoratu du lehenengo izan den Karin Thurig suitzarrarekiko aldea bost segundokoa besterik ez dela izan. "Falta izan zaidan bakarra azken jaitsieran pixka bat gehiago arriskatzea izan da", azaldu du.

Hala ere, txirrindularia oso pozik agertu da aurten zituen bi helburu nagusiak bete dituelako, hots, Italiako Giroa, non bigarrena izan zen, eta Munduko Txapelketan gaur lorturiko zilarrezko domina.

Erabaki sendoa

Somarribak adierazia zuen jada Munduko Txapelketaren ondoren txirrindularitza utziko zuela, eta bere erabakia sendoa dela esan du gaur. "Arrakasta honengatik ez dut nire etorkizuna berriro planteatuko. Ez dut ideia aldatu. Fisikoki oso ongi nagoen arren, buruak uzteko eskatzen dit", aitortu du.

"Gaur azken aldiz igo naiz erlojuz kontrako lehiaketako bizikleta batera, oraindik aurrera zikloturismokora bakarrik igoko bainaiz hainbeste maite dudan kirol honetan aritzeko", nabarmendu du.

Gainera, txirrindulari sopeloztarrak aitortu du azken bi urteak oso gogorrak izan direla, "batez ere bizkarreko lesioagatik", arazo ugari sortu baitizkio lehiaketetan eta entrenamenduetan. Halaber, lortu ez duen bakarra "Joko Olinpikoetan arrakasta izatea" izan dela azaldu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun