Ostegun honetan ere autorik gabeko guneak jarriko dituzte Algortan eta Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 21a, 23:12

Autorik Gabeko Nazioarteko Egunak emango dio amaiera, ostegun honetan, irailaren 16az geroztik Getxo udalerrian egiten ari den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteari. Hori dela eta, pasa den igandean egin bezala, bihar ere aparkatzea eta kotxeak ibiltzea galaraziko da, 8:00ak eta 20:00ak bitartean, Areeta eta Algortako herriguneetan. Hain zuzen ere, Algortako Etorbidea, Telletxe, Juan Bautista Zabala, Torrene, Amesti, Andikoetxe eta Andres Kortina kaleak itxiko dira Algortan; eta Kale Nagusia, Negubide, Aramendi, Zalama, Bidebarrieta, Bidearte, Santa Ana, Adiskidetasuna eta Jolastokieta, Areetan. Zamalanak 10:00ak arte, eta aipatutako kaleetako garajeetatik autoen irteera soilik dago baimenduta. Ildo horretan, autoak kentzeko beharra azpimarratu dute udal arduradunek, horrela ez egitekotan, garabiak eramango dituelako.

Areetan eta Algortan, mahai jokoak egongo dira goizean. Arratsaldean, berriz, Txu-txu trenak lotuta ditu auzo biak eta, irristaketa eskola, ping-pong, puzgarriak, eskulan eta zirku tailerrak, bizikleta mailegua, arku tiroa eta txikientzako saskibaloia egongo dira, besteak beste.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun