Getxo Biziak kaleratutako prentsa oharra:
Autobide berriak eraikiz, gero eta auto gehiago
Pasa den asteko 16an hasi eta gaur irailaren 22a arte ospatzen omen da Europa osoan “Mugikortasun Bideragarriaren Astea”. Autoen etengabeko ugaltzeak dakartzan oztopo eta kalteez kontzientzia zabaltzeko helburuaz gain, autorik gabeko egun hauetako helburu nagusia bestelako mugikortasun eta garraio politikak martxan jartzen hasteko proba izatea da, epe laburrean martxan jarriko liratekeen esperientzia berrietarako saio nagusia.
Getxon eta inguruko herrietan ikusten duguna aldiz guztiz bestelakoa da. Urtero urtero autorik gabeko egunak ospatu egiten dituzte instituzioek, politikoki zuzena den mezua zabaltzen dute eta dirutza bat gastatu ere bai, baina herritarrok ez dugu aldaketarik ikusten. Pare bat egunetako esperientzia laburrek ez dute urte osoan zehar jarraipenik eta urtero urtero “esperientzia” eta aisialdi ekitaldi berdin berdinak burutzen dira, herriko jaietarako edo urteroko txirrindulari lasterketa baterako kaleak ixten direnean bezalaxe.
Irailaren 22a Getxon duela lau edo bost urte lehenengoz ospatu zenetik, garraio eta mugikortasun politikan ez dago aldaketa nabarmenik eta inbertsio publiko nagusiak auto pribatuak agintzen jarrai dezan burutzen dira.
Bai, 1995etik badugu aspaldiko tren zerbitzua metro izenez birmoldatuta, Getxoko langak bezalako “aztarna arkeologikoa” barne, baina autobus zerbitzuak ez dira hobetu, hiriguneetako oinezkoen esparruak duela 10 urte zabaldutakoak dira, lan eta bizi herri eta eskualde desberdinetan egiten dugu gehienok, hori zuzentzeko lurralde antolaketa proposamen egokirik egin ez delarik, eta azkenik garraio politikari dagokion inbertsio publiko nagusia Uribe Kostako korredorea da.
Uribe Kostako korredorearen 3. zatiaren lanak inguru fisikoan eragiten ari diren kalte itzuli ezinez gain, –lur okupazioa, ibai arroen lurperatzea, baso eta mendien suntsitzea–, korredorea Uribe Kostako garraio azpiegitura nagusia da eta izango da. Eskualdearen mugarik gabeko urbanizazioaz gain autoen ugaltzea bultzatzen ari den azpiegitura, eta auto pribatuaren erabilera masiboaren ondorioak larriagotuko dituena.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko edo Berangoko udalek, lanera autorik gabe joateko eskatzen digutenean, inork uste al du seriotan ari direla? Patinez irristatzeko egiten ari al dira autobide ero hori? Gauza bat esanez eta kontrakoa eginez, urtetan zehar ezer konpondu gabe eta politikoki zuzenak diren mezu berdinak zabaltzen jarrai dezakete lasai lasai egungo arduradun politikoek.
Getxo Bizia herri plataformak maila gorenera heltzen ari den hipokresia larria salatzen du, eta bat egiten du beste mugikortasun eta garraio politika batzuk serioski bultzatu nahi duten eragile eta herritarrekin.