Zergak eta tasak 2006an %4 igotzeko asmoa dauka Getxoko Udal Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 22a, 11:25

Aurtengo zarama tasaren %86ko igoeratik nahiko urrun, datorren urteko tasa eta zergetan %4tik beherako igoerak proposatuko dituzte EAJ, EA eta Ezker batua-Berdeak datorren ostiralean, irailak 30, izango den osoko bilkuran. Gobernuko alderdiek %4ko igoera aurreikusten den Kontsumorako Prezioen Indizea aplikatu nahi diete gaur egungo zerga eta tasei, bi salbuespen nagusi eginda: familia ugari eta dirusarrera gutxi dituzten familiak eta Biotz Sakratu Udal Erresidentziako 2002 baino lehenagoko erabiltzaileak. Lehenengoek hainbat abantaila izango dute, bigarrenek, aldiz, %10eko igoerari aurre egin beharko diote. Jose Manuel Etxebarria Ogasun zinegotziak (argazkian) atzo prentsaurrekoan jakitera eman zuenez, hiruko gobernuaren “proposamen honekin justizia birbanatzaile handiagoa lortu nahi da, kolektibo behartsuenen alde eginez”.

Etxebarriak berritasun bezala aurkeztu zuen familia ugari edo dirusarrera gutxi dituzten familiek Higiezinezko Ondasunen Zergaren hobariak izatea eta zenbait prezio publikotan, hala nola, Kultur Etxeko tailerretan, Udal Euskaltegian, Getxo Kirolaken edo Andres Isasi Udal Musika Eskolan %25eko deskontuak edukitzea.

Era berean, Udal Gobernuak ibilgailu historikoei eta 25 urte baino gehiago dituzten autoei Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergaren %100eko hobaria egitea aurreikusten du.

%10eko igoerak

Biotz Sakratu Udal Erresidentzian, aldiz, aurrera jarraituko da azken urteotako prezioen igoerekin edo, Etxebarriaren hitzetan, "prezioen egokitze prozesuarekin". Horrela, zentroan 2002 baino beranduago sartu ziren pertsonek %4 gehiago ordainduko dute eta horren aurretik sartu zirenek berriz %10 gehiago ordainduko dute, beren kuotak ezarritako prezioetara egokitzeko. Zinegotziak argitu zuenez, Tarifa berriak "ordain ditzaketen pertsonei" baino ez dizkiete eskatuko eta hori egin ezin dutenak "berdin-berdin" artatuko ditu Udalak.

Bestalde, Eraikitze eta Lanetako Zergan eta TAOn Udal Gobernuak aldaketarik ez egitea deliberatu du. Azken orduko aldaketarik ez balego, datorren irailaren 30ean udalbatzak proposatutakoa onartuko du, izan ere hirukoak –Alderdien Legeari ezker bada ere– gehiengo nagusia dauka. Hortaz, zerga eta tasa berriak 2006. urteko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun